Oinezkoentzako bidea egingo dute Mundakako kostaldetik
Euskal Herriko Itsasertz Mugapeak bi tartetan egingo ditu lanak. Mundakako Udala, bere aldetik, aztertzen ari da Lamien eta Atorren Parkea urbanizatzeko lanak egitea.
Mundakako Udalak oniritzia eman dio Euskal Herriko Itsasertz Mugapeari Mundakako kostaldetik joango den oinezkoentzako bidearen bi tarte egin ditzan. Hala, Andra Mari eliza inguratzeko pasabide bat egingo dute, eta Santa Katalina baselizaren inguruan oinezkoentzako bidezidor bat sortzea aurreikusten du proiektuak. Jakitera eman dutenez, proiektua Euskal Herriko Itsasertz Mugapeak finantzatuko du osotasunean.
Aurreikusita dauden sei tarteetatik, hirugarrenagaz eta laugarrenagaz hasiko direla zehaztu dute. Itsasertz Mugapeak, hortaz, Txorrokopuntatik hasiko ditu lanok bainuetxeraino, eta haren atzetik jarraituko du. Elizaren hego-ekialdeko izkinara iristean, bi hegal independente edukiko dituen egitura txiki bat aurreikusi dute, gunea “segurtasunez inguratzeko”. Elizaren aurrean sarbidea egokitu egingo da. Aipatu zati horrek 240,18 metroko luzera eta 2,50 metroko zabalera edukiko du eta hormigoizko zoru inprimatu batekin egingo dutela azaldu dute. “Kostaldeko oinezkoentzako bidearen tarte horrek gehienez ere %8ko malda edukiko du”, azaldu dute udaletik. Tarte horretan informazio panelak, seinaleak, zurezko bankuak eta paperontziak kokatuko dituztela esan dute.
Bigarren zatiak 243,65 metroko luzera edukiko du, eta Mundakako portua eta dagoeneko eraikita dagoen oinezkoentzako bidezidorra igaro ondoren hasiko dela zehaztu dute, azken hori «egoera onean» baitago.
Modu horretan, eraiki barik dagoen bidezidor horretatik jarraituko luke oinezkoentzako bideak Santa Katalina baselizaraino. Hara iristeko, bidean eskailera batzuk egitea aurreikusten dute: “Bidezidorra nondik igarotzen den aztertu dugunean, jauzi bat dagoela konturatu gara eta, berez, proiektuak planteatzen ez duen irtenbideren bat planteatu behar da”.
Santa Katalina igarota, Mundakako Udalak dagoeneko bidezidor gisa egokitu duen lursail batera iritsiko da oinezkoentzako bidea.
Urbanizazio lanak. Euskal Herriko Itsasertz Mugapearen kostaldeko bide hori indartu gurako luke Mundakako Udalak, eta hortaz, bere ekimenez beste esku-hartze batzuk aztertzen ari dela azaldu dute. Horien artean, Lamien eta Atorren Parkea urbanizatzea eta atontzea aurreikusten dutela adierazi dute.
Jarduketen nondik norakoak “ahalik eta modu grakifoenean” azaldu eta zabaldu ahal izateko, “dron baten bidez bereizmen handiko argazkiak atera dituzte, eta fotomuntaketa egin ahal izan dute”. Aldi berean, udalak dituen proiektu teknikoak erabilita, hiru dimentsiotan eraiki ahal izan dituzte aurreikusten diren lanak zelan geratu daitezkeen, “ibilbide bisuala eginez eta ikuspegi orokorra” eskainita.