Lander Aurrekoetxea bermeotarrak irabazi du Bizkaiko urpeko arrantza txapelketa
Asteburuan Ondarroan erabaki da Bizkaiko txapelketa. Txapeldunak azaldu du "hasieratik ondo ibili" zela, eta "denetariko arrainak" arrantzatzea lortu zuela.
Bi asteburutan banatuta, Armintzan eta Ondarroan lehiatu dute Bizkaiko Urpeko Arrantza Txapelketa. Eta bi jardunaldietako emaitzak batuta, 56.092 puntugaz eta 33 arrain arrantzatuta Izaro Sub klubeko Lander Aurrekoetxea bermeotarra geratu da Bizkaiko txapeldun. Andoni Burgoa Ondarroako Urpeko Elkarteko urpekaria sailkatu da bigarren, 48.612 puntugaz (29 arrain), eta Olagarro klubeko Sergio de Julianek osatu du podiuma, 44.418 puntugaz (25 arrain).
Ondarroa eta Lekeitio artean aritu ziren zapatuan [maiatzak 6]. Bermeotarrak hemeretzi arrain harrapatu zituen, eta 32.160 puntu lortu: “Ura oso garbi egon zen, eta arrain gutxi. Hasieratik ondo aritu nintzen, denetariko arrainak hartzen”. Txapelduna zoriontzeagaz batera, Izaro Sub klubeko kideek bere “iraunkortasuna eta itsasoan dituen aparteko gaitasunak” nabarmendu dituzte. Taldekide izateaz “harro” daude, eta diotenez, “ohore handia” da Aurrekoetxea taldean edukitzea; taldea “hain ondo ordezkatzeagatik eta taldean dagoen talentua besteei erakusteagatik” eskerrak eman dizkiote.
Bermeoko klubetik Jon Mikel Bikandik ere lehiatu du txapelketa, eta zazpigarren sailkatu da (37.880 puntu).
Euskadiko Txapelketa. Bizkaiko txapelketako lehenengo hamarrek eta Gipuzkoako lehenengo hamarrek maiatzaren 20an eta 21ean jokatuko dute Euskadiko Txapelketa, Zierbenan. Lehenengo egunean Punta Galea eta Villano lurmuturra arteko eremuan ariko dira, eta domekan [maiatzak 21], berriz, Bilboko portutik Cobaron lurmuturra arteko tartean.
Aurrekoetxeak dioenez, “Bizkaian Gipuzkoan baino maila apur bat altuagoa dago”. Hurrengo txapelketara begira “ilusio askogaz” dagoela dio: “Aukerekin beti ikusten naiz, eta saiatuko naiz aurretik ibiltzen. Aurreikuspenen arabera, egun txarrak datoz, eta ikuspena zailduko da; eremua ezin izango da ikusi”.