Motx pailazoak ekoiztutako lehenengo ikuskizuna grabatuko dute Bermeon
Nestor Basterretxea aretoan grabatuko dute 'Pozaren parkean!' ikuskizuna, barikuan [maiatzak 12], 18:00etan.
Urte eta erdiren ostean, aurtengo udako birari hasiera emateko Pozaren Parkean! ikuskizunaren bideo grabaketa egingo du Iker Gonzalez Libanok (Motx pailazoa) barikuan [maiatzak 12] Bermeon. Hain zuzen ere, aurreko urteko ekainean aurkeztutako formatu txikiko ikuskizunaren bertsio berritu bat aurkeztuko du barikuan. Azaldu duenez, uda honetan herriz herri ibiliko da formatu berdinagaz.
Motx pailazoaren ikuskizunaren bertsio berritua Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan ikusi ahalko da, 18:00etan hasita. Aipatu du atal berriak dituela, eta lehen zituen 45 minutuetatik ordubetera luzatu dela. Sarrerak lau eurotan eskuratu daitezke Motx pailazoaren webgunean. Gainera, bertan argitaratu ditu proiektu berriaren informazioa eta eskainiko dituen hurrengo ikuskizunen agenda. Ikuskizuna Bermeon ikusteko “azken aukera” izango dela azaldu du Gonzalezek.
Pozaren Parkean! “balore hezitzaileekin uztartutako” kantu eta dantzaz betetako ikuskizuna da. Laguntasuna du gai nagusi, baina emanaldian beste balore batzuetaz hitz egiteko tartea hartzen du. “Oraindik ezagutzen ez dutenentzat, Motx pailazoaren pertsonaia hobeto ezagutzeko aukera ezin hobea da”.
Hurrengo ikasturteari begira, bermeotarra ikuskizun berriaren prestaketa lanetan sartuta dabil: “Istorio, gai eta kantu zein dantza berriak izango dituen ikuskizun berria izango da hurrengoa. Eta, formatu edo tamaina aldetik, apur bat handiagoa izango da”.