Martxan dago Gernika-Lumoko 33. Eskolarteko Antzerki Astea
Udalerriko bost zentrotako ikasleak ohotza gainean batzen dituen astea abiatu dute gaur Mertzede Ikastetxeko ikasleek.
Bueltan da Gernika-Lumoko 33. Eskolarteko Antzerki Astea, eta eguenera bitartean, udalerriko bost ikastetxetako 80 antzezle inguru igoko dira Lizeo Antzokiko agertokira. Bertan bildu dira gaur aurtengo lehenengo antzezle zein ikusleak, eta Mertzede ikastetxekoen emanaldi bikainaz gozatzeko aukera izan dute.
DBH 1, 2, 3, eta 4. mailako ikasleen Peru Perurenaren abenturak antzezlanak eman dio hasiera antzerki asteari. Peru Perurena mutil traketsaren eta Eneko Berriatua bere lagunaren abenturak antzeztu dituzte oholtzan.
Bihar, 11:00etan, Autobusaren zain izeneko antzerkia taularatuko dute San Fidel Ikastetxeko LH 6.mailakoek. Udako arratsalde ekaiztsu batean autobus geltoki batean elkartzen den jende “xelebrearen” txantxak eta liskarrak ikusaraziko dituzte San Fidelekoek.
Barrutialde Institutuko DBH 2.mailako ikasleen txanda etzi ailegatuko da, 11:00etan. Barrutialde auzoko 7. zenbakian kokatu dute Nire beldurra izeneko antzezlana, eta helbide horretan emango den gertakari baten berri eskainiko dute antzokiko eszenatokian.
Antzerki asteagaz amaitzeko, bi saio ikusi ahalko dira eguenean, Lizeo Antzokian; 11:00etan eta 15:00etan izango dira antzezlanak, hurrenez hurren: Gernika BHI Institutuko DBH 1, 2 eta 3. mailakoen Hau da egun arrunt bat, eta Seber Altube Ikastolako LH 1, 3, 4 eta 6. mailakoen eta DBH 1. mailakoen Gaztelugatxe leimotiv.
Institutukoek egun “arrunt” bat irudikatuz hasiko dute antzerkia, baina egunak sorpresa “harrigarri” bat eskainiko die: “Mundua beste era batera begiratzera gonbidatuko gaituen gertaera bitxi bat kontatuko dugu”. Seber Altubekoek, berriz, azken bost urteetan haurrik jaio ez den mundu bat irudikatuko dute. Hala ere, itxaropen izpi bat dute, eta Gaztelugatxera joango dira, kanpaina hiru aldiz jo eta desio bat eskatzera.
Oholtzaratzen diren ikasleez gain, ekitaldi bakoitzera zentro bereko ikasleak gerturatuko dira; astean, 1.250 ikusle bertaratzea aurreikusi dute.
Ikasturteko lanaren plaza. Umeak gizarteratzeko bidea jorratzea, eta euskararen erabilpena areagotzea eta ahozkotasuna lantzea helburu ditu Eskolarteko Antzerki Asteak. “Urteroko jarduera da, ikasturtean zehar ikastetxeetan lantzen diren atzezlanak kaleratzeko erakusleiho aproposa. Udal Eskola Kontseiluan ikasturterako zehazten den eskolaz kanpoko ekintza ohiko bat dugu, umeak gizarteratzeko bidea jorratzea helburu duena”.
33 urtez eutsi diote egitasmoari, eta antzerki astearen atzean “lan handia” dagoela nabarmendu dute arduradunek: “Nabarmendu egin behar dugu lan handia dagoela antzerki astearen atzean. Gernika-Lumoko udalerriko irakaskuntza zentroetako ikasleena, bai noski, baina begirale eta irakasleen lan eskerga ere bai”.
EGITARAUA.
Bihar.
11:00. San Fidel Ikastola (LH 6. maila): Autobusaren zain.
Etzi.
11:00. Barrutialde Institutua (DBH 2. maila): Nire beldurra.
Eguena, maiatzak 11.
11:00. Gernika BHI Institutua (DBH 1, 2, 3. maila): Hau da egun arrunt bat.
15:00. Seber Altube Ikastola (LH 1, 3, 4 eta 6. maila eta DBH 1. maila): Gaztelugatxe leimotiv.