Barandika eta Lekerika nagusi izan dira Munitibarren
Gernika-lumotarrek bi setetan garaitu dituzte Erkiaga eta Zabala. Gazteen partiduan, ostera, hirugarren seta behar izan dute lehia erabakitzeko.
Eraman enpresaren zesta-punta bultzatzeko zereginean, herri txikietara luzatu dute euren eskaintza, eta horren adibide da Munitibar Open Series. Udal pilotalekuaren berriztapenak zesta jaialdi profesionala ekarri du Oiz mendiaren magalera. “50 metro luzeko kantxa ederrak publikoa sartzeko edukiera nahikoa mugatua dauka, eta frontoia gainezka egon zen 300 lagun ingururekin”, azaldu dute antolatzaileek.
Gazteen arteko lehiagaz hasi zen barikuko [maiatzak 5] jaialdia. Neurketa bizia eta gorabeheratsua izan zen. Partiduari buelta emanda, Mikel Manzididor mutrikuarrak eta Aaron Gonzalez de Matauko gasteiztarrak irabazi zieten Alex Goitia markina-xemeindarrari eta Julen del Rio gasteiztarrari. Estu amaitu zuten lehenengo seta (15-14); Goitiarentzat eta Del Riorentza izan zen bigarrena (11-15). Berdinketa hausteko hirugarren seta 3 eta 5 amaitu zuten.
Partidu nagusian, bikote gernikarrak lortu zuen garaipena. Xabi Barandika eta Unai Lekerika 15 eta 13 eta 15 eta 9 nagusitu zitzaizkien Aritz Erkiaga ispastertarrari eta Jon Zabala markina-xemeindarrari.
Erkiaga eta Zabala bezperan Donibane Lohitzunen txapela irabazita ailegatu ziren Munitibarrera, 24 orduko atsedenik ere izan gabe, eta gernikarrak serio aritu ziren; kontzentratuta eta hutsik egin gabe. Urdinek, ostera, partiduaren bigarren zatian behera egin zuten fisikoki.
Umeen ikusmina. Antolatzaileek frontoian izandako giroa eta umeen zaletasuna nabarmendu dituzte: “Jaialdiaren amaieran nahikoa lan izan zuten estelarreko puntistek aldageletara sartu zitzaien umeei kamisetak eta zesta-puntako kaskoak sinatzen. Sasoi batean baziren puntistak Munitibarren, eta ea urte batzuk barru ume hauek kantxan ikusten ditugun”.