Bingen Fernandez omenduko du aurtengo Oiz Erronkak
Ekainaren 17an 766 txirrindulari bilduko dituen Oiz Erronka - Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista aurkeztu zuen atzo Aixerrotape Txirrindularitza Elkarteak.
Aixerrotape Txirrindularitza Elkarteak Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista izenagaz ere ezagutzen den Oiz Erronka Martxa Zikloturistaren XIII. edizioa aurkeztu zuen atzo gauean (maiatzak 5). 766 txirrindulari batuko ditu aurten ekainaren 17ko martxa zikloturistak, eta atzo, Agustin Mateos elkarteko presidenteak egun horretarako prestatu dituzten hiru ibilbideak aurkeztu zituen.
Bingen Fernandezi omenaldia egiteko aprobetxatu zuten aurkezpen ekitaldia, “bermeotarrak txirrindularitzan egindako ibilbideagatik eta Urdaibaiko bizikleta kulturari egindako ekarpenagatik”; maillota eta 1 zenbakiko dortsala eman zioten. “Polita da martxa. Ingurua begiratzea besterik ez dago martxa polita izango dela ikusteko. Aixerrotapek prestatu duen ibilbidea, gainera, gogorra bezain polita izango da”, adierazi zuen atzo Fernandezek, eta omenaldia eskertu zuen. Ekitaldian, gainera, Urdaibaiko Esentziak dastatu zituzten bertaratu zirenek.
Zikloturisten egutegian gero eta garrantzia handiagoa dauka Jabi Amorrortu Martxa Zikloturistak, izan ere, iaz baino 104 parte hartzaile gehiago izango ditu aurten. Zehaztu dutenez, kronometratu bariko proban, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako zein Espainiako zikloturismo zaleak batuko dira, baita beste herrialde batzuetakoak ere: parte hartzaileen %61 bizkaitarra da, %9 nafarra, %8 gipuzkoarra, %7 arabarra eta %15 beste leku batzuetakoa.
Gainera, aurten, emakumeen izen ematea azpimarratu dute, partaide guztien %12. Guztira 89 emakumek izena eman dute, aurreko urtean baino 34 gehiagok; iaz 55 izan ziren parte hartzaileak. Baina hazkundea nabaria da, 2019an lauk emakumek parte hartu zutelako, eta 2021ean, berriz, 34k.
Azken urteetan legez, hiru ibilbide dira aurkeztu dituztenak: Iraupen Martxa, Iraupen Erdiko Martxa eta Iraupen Luzeko Martxa; 138 pertsonak eman dute izena laburrean, 369k iraupen erdikoan, eta 259k, berriz, Oiz erronkan.
72 kilometro ditu ibilbide laburrenak, eta Urdaibaiko eremua erraztasunez egiteko aproposa dela esan zuen atzo Mateosek; Iraupen Erdiko Martxa da ibilbiderik jendetsuena, 128 kilometro dituena, eta Urdaibaiko bi bazterrak zeharkatzen dituena, Uribe Kosta eta Lea Artibai eskualdeetaraino ailegatuz; Iraupen Luzeko Martxa da ibilbiderik gogorrena, Oizetik igaroko dena, eta norberaren burua neurtzeko eta mugak gainditzeko 163 kilometroko proba izango dena.
“Martxa zikloturista da, ez da lasterketa, eta, beraz, ez da denbora ofizialik egongo”, azaldu dute. Hala ere, norbaitek bere mugak gainditu nahi izanez gero, denborak neurtzeko bi tarte izango ditu aukeran: Oizera igoera eta, aurten lehenengoz, Bizkaiko Begiratokira igotzeko tartea.
Zikloturista martxa bat dela azpimarratu zuen Mateosek: “Garrantzitsua da esatea zikloturista martxa dela, bizikletaz gozatzekoa, inguruaz disfrutatzekoa. Paradisu batean bizi gara, eta inguru honetaz gozatzeko aukera eskaintzen dute martxako hiru ibilbideek”. Denetariko jendea bildu gura dutela dio, ez bakarrik profesionala.
Oiz Hiria. Aurten, lehenengoz,Oiz Hiria izeneko aisialdirako gune bat, azoka formatukoa, prestatuko dute antolatzaileek ekainaren 16rako eta ekainaren 17rako. Probaren bezperan gaituko dute, non parte hartzaileek dortsalak jasotzeaz gain, txirrindularitzarekin zerikusia duten enpresak ezagutu eta Urdaibaiko Esentziekin gozatzeko aukera izango duten.
“Bizikletaren asteburua izatea gura dugu, hitzordua egun bakarretik bi egunetara zabaltzea. Helburua da lasterketa herriratzea eta udalerria biziz betetzea”, adierazi du Mateosek.
Mateosek aurkezpenean Aixerrotaperen sorreraren berri eman zuen, eta hasierako “ilusioz” lan egiteko gogoz jarraitzen dutela gehitu.
“Aixerrotape 2008an hasi zen, Gernikako bi txirrindulari talde Dolomitetara joan eta han elkartu zirenean. Ez zuten elkar ezagutzen, baina zikloturistentzako talde bat sortzea otu zitzaien. Orduan, Jose Luis Madariagak eta Jabi Amorrortuk sortu zuten”, azaldu du. Hala hasi ziren martxa antolatzen lehenengo, bizikletaren astea prestatzen gero, eta Urdaibaiko Infernua ere egin zuten: “Bi aldiz egin genuen, 2013an Jabi Urdaibiako Infernu batean hil zen arte. Lagun bat galdu genuen, baina lanean jarraitu dugu, Jabi gure lanaz harro egon dadin”.
Hala, martxan, urtero txirrindularitzako profesional bat omentzea erabaki zuten, eta 2019an beste jauzi bat egitea erabaki zuten: Jabi Amorrortu Martxa Zikloturistari Oiz Erronka izena jartzea, alegia. “Jendearen erantzuna bikaina izan zen, eta 2021ean pandemia osteko Bizkai, Araba eta Gipuzkoako lehen martxa izan ginen. Zaila izan zen antolaketa lana, baina jendeak asko lagundu zigun, eta 600 pertsona batu ginen. Iaz, oraindik gehiago, eta aurten, ilusio handiz gaude”.