
Ibarrangeluko egungo alkate Jesus Mari Ziluaga Acebo da maiatzeko udal hauteskundeetarako Armendu Taldearen zerrendaburua. Ibarrangeluko herri kanditaturak 16 urte daramatza herriko alkatetzan, eta Ziluagaren esanetan, urte guzti hauetan herritarrek erakutsitako “konfiantza paregabea” izan da, eta “herritar askoren eskaerari erantzunez aurkeztu dira berriro”.
Arlo guztietan “jendea defenditzen” dutela azpimarratu du, “euren betebeharrei erantzun, euren arazoak entzun, eta gero ekin eta egiten” dutela: “Jendearen zerbitzura gaude. Proiektuak baditugu, baina, jendeagaz batera egiten ditugu. Batzarrak egin, eta parte hartze horregaz informazioa ematen dugu. Denon artean hartzen ditugu erabakiak eta urtez urte, diru publikoen kontuak eta informazioa zehaztasunez bidaltzen ditugu etxeetara”.
Armenduren alkategaiaren berbetan, “herri bizi bat egiteko” lanean dabiltza, eta bide horretan, Haizeder eskolaren proiektu berria aipatu du, Elantxobe eta Ea herriekin, udalekin, gurasoekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera lantzen ari direna.
Etxebizitza politikak ere euren kezka nagusietako bat dira: “Eusko Jaurlaritzako Kontseilaritzagaz egon gara berbetan, eta horretan dihardugu oraindik ere, harik eta etxebizitzen politika publikoak indarrean ipini arte. Arlo honetan, Etxebizitza sailagaz izandako batzarretan, instituzioek herri txikietan lan gehiago egin behar dutela adierazi diegu. Plan orokorragaz ere aspalditik gabiltza, eta etxebizitza politikan alokairuaren aldeko apustua egitea garrantzitsua da. Ordenamendu iraunkor bat gura dugu, herriari lagundu egin behar zaio jendea bertan geratzeko. Horretarako, etxebizitza sozialak behar dira, eta gauza horien alde egin behar dugu”.
Aurrera begirako egitasmoen artean dituzte, esaterako, nagusientzako zerbitzuak hobetzea, familientzako laguntzak haunditzea, gazteentzako azpiegiturak indartzea eta zerbitzu berriak zabaltzea, besteak beste, herrian mugikortasuna bermatzeko zein alboko herrietara joateko.