XIX. mendean eta XX. mende hasieran "Bilbon zein kanpoan zein bere arloan nabarmendu ziren" hamar emakumeri buruzko erakusketa dago Euskal Herria Museoan, ekainaren 4ra arte.

Bilboren, Bizkaiaren bilakaeran eragin emankorra izan duten emakumeen ibilbideak ezagutzea hiriaren edo lurraldearen beraren historia ulertzeko lagungarri izaten da. Emakume asko eta asko itzal artean geratu dira, ostendurik. Halaber, lekuan lekuan, gero eta gehiago dira horiek argitara ateratzeko zein ezagutzera emateko erronkari eusten dioten norbanakoak, taldeak zein erakundeak, eta horren adibide da Abangoardiko 10 emakume Bizkaian.
Erakusketa ibiltari horrek hamar emakumeren biografiak biltzen ditu: Bizenta Mogel Elgezabal, Sorne Unzueta Landeta, Casilda Iturrizar Urkijo, Juana Whitney y Done, Adelina Mendez de la Torre Rodriguez, Virgina Gonzalez Polo, Marcelina Elesgarai Arrospide, Benita Asas Manterola, Ticiana Iturri Landajo eta Haydeen Agirre Doradell.
“1800etik 1936ra bitarteko emakumeak dira, Bilbon eragina eduki zutenak, alor desberdinetan”, azaldu du Leire Irazabal Euskal Herria Museoko zuzendariak. “Adibidez, Errepublika garaian oso garrantzitsuak izan ziren hezkuntzan edo irakaskuntzan egon ziren emakumezkoak”. Idazleak, irakasleak, pedagogoak, sindikalistak, ekintzaileak, filantropoak, erizainak, enpresariak… Hezkuntza, politika eta ekonomia arloan “zeresana eduki” zuten andrazkoak dira.
Esaterako, Mogel da euskaraz liburua argitaratu zuen lehenengo emakume idazlea eta, hain zuzen ere, Ipui Onac liburuaren lehenengo argitalpenaren azala ikusi, eta berak egindako sarrera-idatzia irakurri daiteke erakusketan. Azalean ageri den bezala, 1804an Donostian, Antonio Undiano liburugilearen etxean argitaratu zuen.
Unzueta ere idazlea eta maistra izan zen, eta Emakume Abertzale Batzako kidea; “prentsa abertzalean zutabegile eta publizista ekinkorra izan zen”.
1877an Busturian jaiotakoa da Elesgarai sukaldari eta ekintzailea, eta erakusketan ere aipatzen da 1905ean La Busturiana bere lehenengo jatetxea zabaldu zuela Bilboko Hernani Kalean.
Bestalde, Mendez de la Torre maistra eta pedagogoak idatzitako feminismoari eta emakumeen hezkuntzari buruzko artikulua ere ageri da bere biografiaren parean.
Euskal Herria Museoko arduradunak azaldu bezala, hamar emakume horien biografia konkretuak dira, baina “erakusketaren esanahia da emakumeen egoera azaleratzea, eta erakustea 1800etik 1936ra, gerra aurre horretara arte, feminismo arloan eta emakumeak bultzatzeko gauza pila bat egin zituztela emakumeek eurek”. Dioenez, euren biografiekin ikusten da emakumeek gizarteko esparru “denetan” pisu edo eragin “handiagoa” izateko egin zuten lana.
Euskal Herriko Unibertsitateko Biography&Parliament ikerketa lantaldeak sortutakoa da erakusketa, Bilboko Udalagaz elkarlanean: “Talde horretako gehienak doktoreak diren irakasleak dira”. Joseba Agirreazkuenaga, Mikel Urkijo eta Mari Jose Villa dira komisarioak, eta proiektu hau ez du bakarrik erakusketak osatzen, liburu bat ere argitaratu baitzuten –euskarazko alea zein gaztelaniazkoa kaleratu zituzten–. Liburua museoan bertan eskuratu daiteke, bai eta ere erakusketaren katalogoa : “Katalogoa txikiagoa da, eta hamar biografiak agertzen dira. Liburua, ostera, sakonagoa da, eta testuingurua ere azaltzen da”.
Hitzaldiak
Era berean, erakusketagaz lotuta, hitzaldi zikloa antolatu dute museoan. Eguenetan 18:00etan izango dira saio guztiak. “Lau saioetako hizlariak emakume doktoreak izango dira, EHUko irakasleak”.
Aurreko astean hasi behar zuten zikloa, baina atzeratu egin zuten, eta maiatzaren 25ean izango da Maria Jose Villaren hitzaldia: Feminismoa eta bakezaletasuna: Benitas Asas Manterola eta bakearen aurkikuntza Europan (1914-1931).
Hortaz, atzokoa izan zen lehenengoa: Emakumeak eta langile-mugimendua Euskadin (1890-1936). Sara Hidalgo izan zen hizlaria, eta “lan eremuan XX. mende hasierako emakumearen egoerari buruz aritu zen”.
Datorren egueneko (maiatzak 11) hitzaldia Susana Serranok emango du: Emakumeak eta hauen parte hartzea euskal erakunde publikoetan (1900-1936). Maiatzaren 18koa Bakarne Altonagaren Emakumeak eta dantzak Euskal Herrian (1756-1921) hitzaldia izango da. XVIII. mende erdialdetik XX. mende hasiera arte dantzari buruzko diskurtsoetan emakumeei buruz sortu ziren irudikapenetatik bidaia proposatuko dute.