Pablo Gonzalez askatzeko eskatu dute, "prentsa askatasunaren alde"
Nazioarteko prentsa askatasunaren eguna izan zen atzo [maiatzak 3], eta prentsa askatasuna errespetatzeko deia eginez, Busturialdeko kazetaria askatzeko exijitu dute Gernika-Lumon.
Gernika Memoriaren Lekuko plataformak deituta, Pablo Gonzalez askatzeko eskatu zuten Gernika-Lumoko eta inguruetako 90 bizilagunek atzo [maiatzak 3], Merkurion. “Nazioarteko prentsa askatasunaren egunaren eta bonbardaketaren 86. urteurrenaren testuinguruan, ahotsa altxatu nahi dugu Pablo Gonzalez kazetariaren gatibutza salatu eta bere berehalako askatasuna aldarrikatzeko”, esan zuten.
Gogoratu zuten Gonzalez ez dela gatazka guneetan atxilotu eta espetxeratuta dagoen kazetari bakarra. “Pabloren modura, hamaika kazetari daude hainbat herrialdetan preso”, eta preso dauden kazetarien izen-abizenak jasotzen dituen zerrenda bat bistaratu zuten; zerrenda horretan zeuden jasota Azerbaijanen, Bielorrusian, Georgian, Polonian, Errusian, Turkian, Ukrainan eta Britainia Handian atxilotutako kazetariak.
Horren aurrean, Gonzalezen “berehalako” askatzea eskatzeaz gain, bere egoeraz kezkatuta daudela plazaratu zuten; “ezinbestekotzat” jo zuten Gonzalez Euskal Herrian eta hurkoekin egotea.
Kazetariaren egoera prentsa askatasunaren aurkako “erasoa” dela gaineratu zuten: “Gatazka guneetan sarri ibilitakoa da Gonzalez. Eta horrelako testuinguruetan gertatzen dena ezagutzeko eta informatzeko eskubidea du, lan egiteko eskubidea, eta guk informatuak izateko eskubidea dugu”. Hori esanda, urtebete pasatu ostean espetxeratuta jarraitzea “ulertezina” dela adierazi zuten.
Beste herrialde bateko ezarpen judizial baten menpe egotea “muturreko egoera” dela esan zuten
Elkartasuna adierazi zioten kazetariari, baita bere senide eta hurbilekoei eta herrikideei ere. Beste herrialde bateko ezarpen judizial baten menpe gatibu egotea “muturreko” egoera dela eta “Polonia oinarrizko eskubideak urratzen” ari zaizkiola iritzi diote.
Horrez gain, hainbat kazetarik –tartean Euskal Herriko kazeta ugariren langileek– abiatutako Free Pablo Gonzalez kanpainagaz bat egin zuten elkarretaratzean bildutakoek. Zehaztu zutenez, kanpaina horrek eskaera bi ditu: gertatutakoa argitzeko eskaera eta kazetariaren berehalako askatasuna exijitzea. “Bat egiten dugu kazetariek abiatutako dinamikarekin”.
Halaber, Europako Batasunaren eta Espainiako gobernu zentralaren “utzikeria” salatu zuten, “besteak beste Poloniari ahalbidetzen diotelako Oinarrizko Eskubideen Karta ez betetzea”, nahiz eta dokumentu hori loteslea izan Europako Batasuneko herrialde guztientzat.