Metal soinuek Astra hartuko dute
Maiatzaren 6an (zapatua) Metal Fabrikak metal soinuez beteko du Astra. LAMPR3A, Elbereth eta Hollowborn metal taldeak izango dira protagonistak.
Metal musikaz gozatu nahi duten pertsonek aukera bikaina izango dute zapatuan (maiatzak 6). Metal Fabrikaren zazpigarren ekitaldia Astrara iritsiko da. LAMPR3A izango da kartel buru, eta Legazpiko Elbereth eta Bilboko Hollowborn taldeek osatuko dute gaua.
Astrako ateak 20:30ean irekiko dira, baina 21:00ak arte ez dira kontzertuak hasiko. Hollowborn izango da metalez jositako gaua irekiko duen taldea. 22:00etan, Elberethen txanda izango da, eta gaua ahalik eta hoberen amaitzeko, 23:40ean LAMPR3A taldeak joko du. Beraien disko berri aurkeztuko dute, ESnSE izena duena. Gau guztia, beti bezala, DJ Welder egongo da metal musika ipintzen. Sarreren prezioa 10 eurokoa da, eta bi modutara lortu daitezke: Astran bertan edo entradium.com webgunearen bitartez.
Aurreikuspena. Antolatzaileek adierazi dute data “gatazkatsuak” direla, beste herri batzuetako jaiekin bat egin duelako Metal Fabrikak, baina, hala ere, metal zaletu asko biltzea espero dute.