Martxan dago Bermeoko jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa
Lanak Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean aurkeztu behar dira, izenburuagaz eta egilearen sinadurarik barik; ekainaren 30a da horretarako azken eguna.
Aurten ere, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa abiarazi dute. Lanak ekainaren 30eko [barikua)] 14:00ak arte aurkeztu ahal dira Gizarte eta Kultura Etxean. Irabazleak 600 euro jasoko ditu.
Azaldu dutenez, kartela Bermeoko jaietako adierazle izan behar da, hortaz, hurrengo ezaugarriak izango dituzte kontuan: jai herrikoiak eta herritarrentzat izatea, parte hartzaile eta sortzaileak, euskaldunak, feministak, solidarioak, ekologistak…
Aurkeztutako lan guztiek honako baldintzak bete beharko dituzte: 50×70 cm-koa izan behar da, gura beste kolore izan ahalko ditu, eta edozein teknika erabili ahalko da kartela egiteko.
Lanak euskarri gogor bati lotuta edo euskarri informatikoan (CD edo memoria eramangarria) aurkeztu ahalko dira. Eredu informatikoa aukeratuz gero, hiru aukera hauetako batean egin beharko da: 200 kb-ko JPGa; Mb1-eko JPGa; edo bereizmen handiko PDF bat.
Nola aurkeztu? Lanak Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean aurkeztu behar dira, izenburuagaz eta egilearen sinadurarik barik. Horrez gainera, izenburu bera daraman gutun itxi batean, egilearen datuak adieraziko dira eta egileak agiri bat bete beharko du lana aurkeztu duela egiaztatzeko. Era berean, idazki bat aurkeztu ahalko da aurkeztutako lanaren azalpenagaz eta aukeratutako izenburua erabilita. Idatzi hori anonimoa eta guztiz borondatezkoa izango da.
Bermeoko Jai Batzordeko eta Barrueta Arte Elkarteko kideek lehiaketara aurkeztutako kartel proposamen guztiak ikusiko eta finalistak aukeratuko dituzte. Honakoak baloratuko dituzte: proposamenen originaltasuna, diseinua, kalitatea eta estetika, eta, oro har, herriko jaietan parte-hartzea sustatzeko erakargarrienak eta egokienak diren alderdiak.
Azken urteetan egin modura, azken hitza herritarrek edukiko dute. Finalisten artean bozkatu ahalko dute uztailaren 10etik 14ra. Pertsona bakoitzak aurrez aurreko boto bakarra eman ahalko du Gizarte eta Kultura Etxean jarriko den ontzian edo Internet bidez. Aurrez aurreko botoek %70eko balio edukiko dute eta Internet bidezkoek %30ekoa.
Lan irabazlea zein den uztailaren 17an jakinaraziko dute.