Foruko udal tabernako lanak hasi dituzte
Joan den astean hasi zituzten lanak, eta udarako prest egotea espero dute.
“Herriko bizitza dinamizatzen” lagunduko duen udal taberna egiteko lanak hasi ditu Foruko Udalak. Muinogorri elkartearen txokoa izandakoa “goitik-behera berritzen” ari dira.
Instalazio “egokiak, irisgarriak eta funtzionalak” ematea dute helburu, eta hortaz, udalak obra integrala egingo du. Gainera, intsonorizazio osoa eta isolamendu akustikoa zein termikoa egingo dutela zehaztu dute, azken hori energia-eraginkortasunera bideratuta. Herritarrek badaukate egiten ari diren lan guztien berri, izan ere, auzokideen arteko bizikidetza bermatzeko, batzarrak egin dituztela adierazi dute udal arduradunek.
Udal arduradunek esan dute eremu horretan herritar guztiek gozatzeko moduko espazio bat sortu gura izan dutela
Helburua da lokalak herritar guztiei zerbitzua ematea. Hala, azaldu dute espazioen diseinuaren planteamendua zabalik dagoela ostalaritza establezimendu batek eskaini ditzakeen erabilera eta zerbitzuetara. Eremu bereziak sortuko dituzte, baina haien arteko komunikazioa galdu barik: “Honegaz, guztiok gozatzeko moduko espazio bat sortu gura izan da”. Lokalak hurrengoak izango ditu: taberna gunea, mahai altuekin; gune lasaia, kafetegi itxura izango duena, mahai baxuekin eta aulki erosoekin; jantokia eserleku jarraiekin, mahai baxuekin eta aulki tolesgarriekin; barra, lehendik dagoena baino luzeagoa; sukalde hornitua eta zerbitzu eguneratuekin; bi komun publiko eta biltegi bat. Lanen zenbatekoa 366.238,63 eurokoa da.
Lanak egiteko epea hiru hilabetekoa dela aipatu dute, eta udarako prest eduki gura dute. “Ahalik eta arinen” zabaldu gura dute, “forutarrek udan zerbitzu berriaz gozatzeko aukera eduki dezaten”.
Proiektuaren helburu orokorra Foruko “bizitza soziala eta kulturala dinamizatzen laguntzea” da. Hori dela eta, gogorarazi dute udalak orain arte txoko modura erabili izan den erdiguneko lokala erosi zuela, “forutarrentzako topagune eta publiko osoarentzako erakargarri bihurtzeko”.