Bermeoko Udalak jaietako libururako lanak argitaratzeko deialdia egin du
Parte hartzaile bakoitzak bi lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez; lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 30a [barikua] da.
Herri mailako sorkuntza, berrikuntza, tradizioa, kultura eta jakituria bultzatu eta zabaldu asmoz, Bermeoko Udalaren Kultura eta Hezkuntza Sailak 2023ko Andra Mari eta Santa Eufemiako jaietako liburuxkan argitaratuko diren lanak eta artikuluak idazteko eta argitaratzeko deialdi publikoa egin du.
Lehiaketan 15 urtetik gorakoek parte hartu ahalko dute. Parte hartzaile bakoitzak bi lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez. Lanak Bermeoko Udalaren Kultura eta Hezkuntza Sailean (Gizarte eta Kultura Etxea) aurkeztu edo posta elektronikoz bidali daitezke (kultura@bermeo.eus). Paperean edota euskarri digitalean (word) aurkeztu ahal dira, eta ilustrazioak edota argazkiak izatekotan, .jpg formatuan.
Testu bakoitzak 9.000 karaktereko luzera eduki beharko du, hutsuneak barne. Hurrengo gaiak landu ahalko dira: antropologia, folklorea, hizkuntza, historia, ahozko zein idatzizko literatura, kultura, artea, musika… Euskarazko testuak lehenetsiko dituzte, gaztelaniaz argitaratuko dituzten orrialde kopurua %20 izango dela aipatuta. Artikuluak originalak eta beste inon argitaratu gabeak izan beharko dira, ezinbestean.
Leku faltagatik aurtengo jaien egitarauan aurkeztutako lan guztiak ezingo balituzte argitaratu, epaimahaiak erabakiko luke zeintzuk sartu. Epaimahaia udaleko bi arduradun politiko eta Euskara Saileko eta Kultura eta Hezkuntza Saileko teknikari banak osatuko dute.