Emakumeen askatasuna eta autodefentsa feminista landuko dituzte Ibarrangelun
Kantaldi bat eskainiko dute barikuan [maiatzak 5], eta autodefentsa feminista ikastaroa barikuan eta zapatuan [maiatzak 5-6]. Azken horretan izen emateko aukera dago, kultur etxean.
Ibarrangeluko Udalak bi hitzordu prestatu ditu egunotarako. Alde batetik, Maddi Argote, Miren Bilbao eta Enara Gonzalez gazte bizkaitarrek Bihotzetik kantak emanaldia eskainiko dute barikuan [maiatzak 5], 19:00etatik aurrera, Kultur Etxean.
Estreinaldia izango da, eta Izaskun Olano Bilbao koordinatzaileak azaldu duenez, euskal emakume sortzaileen abestiak interpretatuko dituzte. Argote eta Bilbao abeslariak dira, eta Gonzalez gitarra jotzailea. Besteak beste, askatasuna eta emakumearen nortasuna ardatz dituzten kantekin osatuko dute ordubete inguru iraungo duen saioa. “Lehenengo aldia izango da. Momentu honetan interpretazio munduko beste proiektu batzuetan sartuta ere badaude, hazten ari dira, eta beste diziplina batzuetan ere aritzen dira, dantzan, adibidez, eta dantza garaikideko proiektuetan sartuta ere badabiltza. Iaz bakarrizketa bat antolatu genuen, eta, aurten gitarra eta ahotsa batuta zuzeneko emanaldia eskainiko dugu. Uste dugu oso garrantzitsua dela gazteriari ere aukerak ematea beraien artea ateratzeko”.
Ibarrangeluko Kultur Etxeko espaziorako egokitutako saioa izango da, eta “espazioa hotza” denez, “pixka bat girotzen eta berotzen” saiatuko dira: “Erabilera anitzetarako aretoa da, eta giroa pitin bat epeltzen saiatuko gara, giroak ere asko laguntzen baitie ekitaldiei”.
Autodefentsa feminista tailerra emango dute barikuan 17:00etatik 20:00etara eta zapatuan 10:00etatik 13:00etara. Parte hartu gura dutenek Kultur Etxean izena eman behar dute
Ibarrangeluko zein inguruko herritarrei hurreratzeko gonbidapena luzatu diete. ” Inguruko jendea ere animatzen bada, primeran. Ikusiko dute posible dela euskararen inguruan sortzea, emanaldi politak egitea, azken finean, bizitzea. Uste dut helburua hori dela; emakumeen inguruko erronka hori kaleratzea, eta gazteen eskutik askoz politagoa da”.
Ikastaroa. Beste alde batetik, Emagin elkartekoen eskutik, autodefentsa feminista tailerra emango dute barikuan [maiatzak 5] 17:00etatik 20:00etara eta zapatuan [maiatzak 6] 10:00etatik 13:00etara. Parte hartu gura dutenek Kultur Etxean izena eman behar dute.
Emagin pentsamendu kritiko feminista sustatzen duen elkartea da. “Jendarte eraldaketaren alde” lan egiten dute, eta, horretarako, prozedura feministak erabiltzen dituzte euren oinarrizko lan esparruetan: formakuntza, ikerketa, ekoizpena eta dokumentazioa. Eta hauek dira elkarteran lan ildoak: analisi eta eraldaketa feminista, genealogia feministak, indarkeria matxisten prebentzioa eta protokoloak eta zaintzak eta bizitza duinak erdigunean.