Bizkargiko bataila gogoratzeko xafla jarriko dute
Bizkargi Eguna da gaur [maiatzak 3], eta han batu dira Muxikako, Morgako, Larrabetzuko zein Zornotzako herritar eta udal ordezkariak. Xafla Muxikako eta Larrabetzuko udalek ipiniko dute.
Bizkargiko bataila gudaroste frankistak Sollube eta Bizkargi mendiak bereganatzeko egin zituen operazioen barruan dagoela gogoratu dute Muxikako eta Larrabetzuko udalek, mendi horien gailurretatik Bilboko gerrikoaren ekialdeko euskal posizioak menderatzen zirelako, gaur egun Burdin Hesia izenaz ezaguna dena. Bi udaletako ordezkariek iragarri dute Bizkargiko tontorrean 1937ko maiatzaren 9tik 17ra arteko Bizkargiko bataila gogoratzeko xafla jarriko dutela.
Xaflan jasota dagoenaren arabera, tropa frankistek 1937ko maiatzaren 9an ekin zioten erasoari, Amorebieta-Gernika errepidea zeharkatuz eta Bizkargiko tontorrerantz aurrera eginez: “Maiatzaren 11ko egunsentian eurenganatu zuten tontorra, bertan zeuden gudariak ustekabean harrapatuta”. Geroko euskal indar errepublikanoen kontraerasoak “etengabeak bezain hutsalak” izan zirela diote bi udalek, eta bi aldeetan “galera handiak” egon zirela azpimarratu dute. “Bataila horretan erabakigarria izan zen Alemania naziak eta Italia faxistak armada frankistari aireko laguntza eman izana, haien aparatuak sistematikoki bonbardatu eta metrailatu baitzituzten euskal unitate errepublikazaleen posizioak. Horrela, gailurra berreskuratzea eragotzi zuten”.
Zehaztu dutenez, maiatzaren 8tik 17ra bitartean, aireko 13 bonbardaketa jasan zituzten guztira mendiaren eta haren inguruan zeuden euskal posizio errepublikanoek. “Horrez gain, artilleria frankistaren etengabeko kanoikadak ere jasan zituzten, haien pieza kopurua errepublikazaleena baino askoz handiagoa zelako”.
[ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Borrokak amaitutakoan, Bizkargi mendiaren gailurra eta inguruko mendi magalak “erabat suntsituta” geratu zirela dio xaflak. “Tontorretik bota zituztenean, euskal indar errepublikanoek frankistek hartu ez zuten mendiaren maldan finkatu zituzten beren posizioak, eta han jarraitu zuten, haiei aurre egiten, ekainaren 11ra arte, armada frankistak hesiaren aurkako azken erasoaldia hasi zuen arte”.
Muxika eta Larrabetzuko udalek adierazi dutenez, gerraostean, Bizkargi “frankismoaren aurkako borrokaren erreferente” bihurtu zen, baita hitzordu garrantzitsua ere, urtero, maiatzean, “euskal askatasunen aldeko borrokan eroritakoei omenaldia egin gura zieten guztientzat”.