Berbalagunek martxan dauka udaberriko lehiaketa
Berbalagun aldizkarian eta sare sozialetan argitaratu dituzte udaberriko lehiaketako galderak. Maiatzaren 11rako Arrantzaleen Museoa bisitatzeko hitzordua jarri dute, eta aurretiaz izena eman behar da.
Bermeoko Berbalagun egitasmoak udaberriko lehiaketa abiarazi du, eta maiatzaren 19ra arte parte hartzeko aukera egongo da. Gogorarazi dutenez, 16 urtetik gorako edozein herritarrek parte hartu dezake, Berbalagun kide izan edo ez.
Ohi legez, Berbalagun aldizkarian eta sare sozialetan argitaratu dituzte udaberriko lehiaketako galderak, eta Berbalagunen blogean ere erantzun daitezke; karteletako QR kodea eskaneatuta ere parte hartu daitekeela zehaztu dute. Udalak etxebizitzetara bidaltzen duen Bermeon zer? kultur agendan ere aurkitu daitezke galderak. Hala, orria beteta, argazkia atera eta WhatssApp bidez mezu batean bidali daiteke 607 60 95 80 telefono zenbakira. Beste aukera bat da galdetegia beteta uztea, hartu den leku berean (Gizarte eta Kultura Etxea, liburutegia, euskaltegia…).
Ondoren, Berbalagunen eta egitasmoaren sustatzaileen sare sozialetan jarriko dituzte erantzun zuzenak, bai eta irabazlearen izen-abizenak ere. Irabazleak Bermeoko produktuen sorta bat jasoko du sari legez.
Erantzun beharrekoak lau galdera “erraz” direla eta, herritarrak lehiaketan parte hartzera animatu dituzte.
Bisita arrantzaleen museora. Maiatzaren 11n [eguena], Arrantzaleen Museoa bisitatzeko hitzordua jarri dute; 12:30ean, batuko dira Torronteron. Herriko museoa hobeto ezagutzeko aukera edukiko dute, gidari baten eskutik. Ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea (WhatsAppez): 607 60 95 80.