Azken lau urteetan Bermeok "atzera" egin duela dio EH Bilduk
Udal gobernua "marketin eta propagandara" mugatu dela diote, euren proposamenak "gutxietsita", eta "gehiengoagaz aurrera eginda".
Agintaldiko balorazioa egin du Bermeoko EH Bilduk, eta horien iritziz, Bermeok “atzera” egin du azken lau urteetan; herriak “izaera galdu” duela nabarmendu dute.
Parte hartzeko aukerarik ez dutela eduki kritikatu dute, eta, esaterako, tokiko gobernu batzordetik, energiaren mahaitik eta turismo mahaitik “baztertuak” izan direla nabarmendu dute, eta informazioa eskatu dutenean ere, “oztopoak” aurkitu dituztela kritikatu dute.
Berdintasunean, mugikortasunean eta energia kontuetan “atzerapausoak” eman direlakoan daude: “Herri modura erronka handia daukagu, eta herritarrei eman behar zaie garrantzia, eta azken lau urteetan ez dugu hori ikusi. Herri modura aurrera egiteko behar beharrezkoa da herritarren eta udal kide guztien parte hartzea”.
Agintaldi honetako proiektu “asko eta asko” aurreko agintaldian landutakoak direla diote. “Domina eurak jarri badute ere, aurreko agintalditik datozen proiektuak dira”.
Udal gobernua “marketin eta propagandara” mugatu dela diote, euren proposamenak “gutxietsita”, eta “gehiengoagaz aurrera” eginda. “Borondate falta” eduki dutela diote, eta agintaldi honetan “prepotentzia nagusi” izan dela gaineratu dute.
Nabarmendu dute agintaldi honetako proiektu “asko eta asko” aurreko agintaldian landutakoak direla. Tonpoia aipatu dute: “Asko kritikatu zuten proiektua, eta kanpaina zikina egin zuten hauteskunde garaian etxerik etxe joanda. Orain, prentsan proiektua goraipatzen dabiltza, inkoherentzia handia dago”. Bestetik, saihesbidearen sarrera, Iparragirreko gunea, Zarragoitxiko eta Artza frontoiko irisgarritasuna, Erreteneko jolasgune estalia, Alde Zaharra biziberritzeko orube hutsak herritarrei zabaltzea… “Domina eurak jarri badute ere, aurreko agintalditik datozen proiektuak dira”.
Gainera, uste dute Bermeok dituen beharrizanak ez dituztela beste erakundeen aurrean ondo defendatu, eta “pribatizazioaren bidean dagoen” uraren gaia jarri dute adibide legez. “Gaztelugatxe ere Bizkaiko Foru Aldundiaren esku utzi dute. Beste erakunde batzuen esku utzi dituzte gure interesak”. Berdintasun teknikaria kentzea eta Alde Zaharrean bizitzeko gazteei bideratutako diru laguntzak kentzea “atzerapauso” handia izan da EH Bilduren ustez. Gogora ekarri dute enpresa pribatuetako garbitasuneko emakumeek egindako greba: “Arazoak sortu zituzten herrian, gu lehenengo egunetik egon ginen irtenbidea bilatzen. Erabilera politikoa egin barik, atzetik egon ginen laguntzen”.
EAJk “aurreikuspen barik, inprobisazioan oinarrituta eta herritarren iritzik kontuan hartu barik” gobernatu duela diote
Ontziolaren gaia ere ez dute ahaztu gura izan: “Erabilera politikoa egin dute, gezurretan ibilita. Ontziola, Eusko Jaurlaritza eta udala akordio batera iritsi direla esan dute, portuen zuzendaritzan galdetu dugu eta esan digute ez dagoela akordiorik. Paperean plangintza polita daukate, baina ontziolak herri barruan jarraitzen du”.
Bestetik, “larrialdi klimatiko baten aurrean gaudenean”, udal gobernuaren “inplikazioa zero” izan dela diote, “nahiz eta osoko bilkuretan berba politak entzun diren”. Kirol Patronatua desegin, eta kirol kontuetan parte hartzeko aukerarik barik geratu direla adierazi dute; “kirol instalazioetan eta horren inguruan dauden beharretan ere atzerapausoak egon dira”.
Koalizioioko ordezkarien iritziz, EAJk “aurreikuspen barik, inprobisazioan oinarrituta eta herritarren iritzik kontuan hartu barik” gobernatu du: “Herri bat ez doa aurrera marketinagaz eta propagandagaz. Udal gobernu honek plangintza barik lan egin du, sare sozialek agintzen dute”.
Udal gobernuaren komunikatzeko moduak ere kritikatu dituzte: “Komunikazio gardena eta zorrotza proposatu dugu, baina inongo jaramonik ez digute egin. Beti izan da euren interesen aldeko informazio alderdikoia”.
Gaineratu dute eurak kritikoak izan direla, baina “oposizio konstruktibo baten alde” egin dutela. Hala, azken lau urteetan EH Bilduko zinegotziek egindako lana goraipatu dute, “bermeotarren beharrizanei erantzuteko 150 proposamen baino gehiago” egin dituztela nabarmenduta: “Herritarrekin batera landutako arlo guztietako proposamenak ekarri ditugu udalera”. Lan “bikaina” egin dutela uste dute: “Beti prest egon gara edozein gairen aurrean berba egiteko, beste aldetik ez duguna ikusi”.