Trikiti doinu eta bertso artean doa Olabarriko Egune
Errigoitiko Olabarri auzoan jai giroan batu dira gaur eguerdian (maiatzak 1). Meza ostean, musika eta jan-edana ez dira falta izan.
Herritarrak pintxoak jaten ibili diren bitartean, Koldo eta Unai Etxebarria trikitilariek alaitu dute eguerdia, eta horien ostean, Mikel Goiriena eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolarien txanda izan da.
Olabarriko Egune da gaurkoa, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Uria tabernan izan da herri bazkaria, eta bazkalostean Tute Txapelketa jokatuko dute. Parte hartu gura dutenek izen ematea bazkalostean bertan egin beharko dute; bikoteko 10 euro ordaindu beharko dituzte.
18:30ean, berriz, otzararen zozketa egingo dute, eta arratsaldean ere Koldo eta Unai Etxebarria trikitilariak ariko dira eguna musikagaz borobiltzen.