Maiatzaren lehenean, lantokietan, kalean eta erakundeetan borrokatzearen aldeko deia egin dute
ELA eta LAB sindikatuek Bilbon egin dituzte manifestazioak. Bilbora joan aurretik, LAB sindikatua auto karabanan ibili da Bermeotik eta Gernika-Lumotik.
Aurten ere langileak kalera atera dira Maiatzaren Lehenean, hori bai, LAB eta ELA sindikatuek deituta, hiriburuetan batu dira mobilizazioetarako. Bilbora joan aurretik auto karabanak egin ditu LAB sindikatuak Bermeon eta Gernika-Lumon, barikuan ere egin zituzten. Sindikatuek lantokietan, kalean eta erakundeetan borrokatzearen alde egiteko deia egin dute gaurkoan.
LAB sindikatuak, Egiteko beste mundu bat lelopean salatu du euskal langileon pentsioak, lan baldintzak -hizkuntz eskubideak barne– eta, oro har, bizi baldintzak “erasotzeko eta debalutatzeko” prozesuak indarrean jarraitzen dutela: “Bidegabea da zaintza lanen antolaketa: sexu eta jatorriaren arabera segregatuak eta arrazializatuak daude zaintza lan gehianak, eta ez dago sistema publikoa garatzeko borondaterik”. Hala, krisi ekosozialaren aurrean, “trantsizio ekosozialista eta feminista” aldarrikatu du sindikatu abertzaleak, eta bi direla abian jarri beharreko prozesuak uste dute: batetik, ekoizpen eta kontsumo ereduaren aldaketa; eta, bestetik, ondasunaren banaketa, “guztion bizitzak bizigarriak izateko”.
Hori horrela, zaintza sistema publiko komunitarioa sortzeko, soldatak duintzeko eta lanaldia 30 ordura murrizteko eskatu dute, baita zerga politika erreformatzeko ere. Gainera, herritar guztientzako zerbitzu publikoak eta oinarrizko eskubideak bermatzearen alde agertu dira: “Osasuna, garraoia, etxebizitza, pentsioa, energia edota zaintza sistema publikoaren arloan, esku hartze publiko sendoa eskatzen dugu”. Halaber, egoera ez erregularrean dauden etxeko langile eta behargin guztiak “erregulatzeko” aldarrikatu dute, eta, burujebetzan sakondu eta egungo eskumenak baliatzearekin batera, erabaki ahalmena garatzeko tresnak sortzea eskatu dute; hala nola, Euskal Gizate Segurantza eta Euskal Lan Kodea.
ELA, berriz, soldaten eta pentsioen aldeko defentsan murgilduta dago, eta Borrokan, irabazteko leloa aukeratu du gaurko. ELAren ustez, grebek “herrialde hobea” egiten dute: “Lan eta bizi baldintza hobeak dituen herrialde bat herrialde justuagoa delako. Europan greba uholdea dago; Frantziar Estatuko, Portugalgo, Alemaniako eta Erresuma Batuko sindikatuak soldaten eta pentsioen alde mobilizatzen ari dira. Grebak ez dira iraganeko gauza bat, batzuek hala esan arren: gaurkotasun handiko tresna dira. Euskal Herrian ere langile asko greban daude edo egon dira. Hona datua: iaz, Estatuko greben %56 Hego Euskal Herrian egin ziren, adibidez”. Hala, greban dauden langileei omenaldia egin diete Bilbon. Mugimendu feministak deitutakoko greba ere babestuko dutela nabarmendu dute.
ELAk aipatu du, langileek %15 gehiago ordaintzen dutela oinarrizko elikagaiengatik, eta batez beste, 3.600 euro gehiago urtean hipotekengatik: “Bankuek, oligopolio energetikoak eta elikadura banatzaile handiek, berriz, aparteko irabaziak izan dituzte. Prezioen igoera oso lotuta dago etekin horien igoerarekin. Interes ekonomikoen menpe ere, Urkulluren eta Chiviteren gobernuek ez dute neurri garrantzitsurik hartu bizitzaren garestitasunari, etxebizitzari edo zerbitzu publikoen okertzeari aurre egiteko”.