Gernika sortu zeneko 657 urteurrena ospatu dute
Gernika sortu zeneko 657. urteurrenean Gernika-Lumoko Marijesiak izan dira On Tello kondearen eskulturari zapia eskuan jartzeko arduradunak.
Barikuan bete ziren 657 urte Gernika sortu zenetik. 1366ko apirilaren 28an On Tello kondeak hiri gutuna eman zion Gernikari. Hori da, hain zuzen ere, Foruen plazan dagoen On Telloren eskulturak eskuan daukana. Eta horri jarri zion zapia Alex Uriarte Atxikallendek, Gernika-Lumoko Marijesien ordezkari modura; bakarlari gaztea eskaileran gora zihoala, beste bakarlariek eutsi zioten eskailerari.
Gutun horretan, apirilaren 28an sortutako herriak izango zituen mugak zehaztu ziren, baita gernikarren eskubide, betebehar eta abantailak zeintzuk ziren ere. Horien arabera antolatu zen Gernika juridikoki zein politikoki, 1882ra arte. Izan ere, urte horretako urtarrilaren 8an bat egin zuten Gernikak eta Lumok.
Urteurrena gogoratzeko, Gernikako mugetatik ibilbidea egin zuten Gernikazarrra Historia Taldeak eta kultur etxeak antolatuta; udaletxe aurrean elkartu ziren eta 8 de Enero, San Juan, Allende Salazar eta Adolfo Urioste kaleetatik egin zuten ibilbidea. Azkenik, On Telloren eskulturaren aurrean egin zuten ekitakdia, dantzari eta musikariek girotuta. Bertan egon zen baita ere marijesien kuadrilla.
Gernika sortu zeneko urteurren ekitaldia 1936. urtera arte etengabean egin zen tradizioa izan zen. Azken urteetan ohitura berreskuratu du Gernikazarrak, “hurrengo belaunaldiei gertaeren berri emateko”. 2020an, pandemiaren ondorioz, ez zen ekitaldirik egin, baina, 2021ean osasun neurrietara egokitutako ekitaldia egin zuten.