Garaipenik gabeko agurra
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 47-12 galdu du Ampo Ordizia REren kontrako euskal derbia.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak ezin izan du Ohorezko Maila garaipenez agurtu: zapatuan [apirilak 29] 47-12ko markagailuagaz galdu zuten Ampo Ordizia REren kontrako euskal derbia, Altamiran (Ordizia). Ligako biziraupenari eusteko aukera barik ekin zioten basurdeek denboraldiko azkenengo partiduari, baina, nolanahi ere, garaipenaren bila zelairatu ziren lehen unetik. Ez zuten ogibide errazik eduki, izan ere, azken urteetan garaipenak ihes egin izan die zelaigune horretan eta, gainera, Ampo Ordizia sailkapeneko 7. postua lortzeagatik borrokan ari da (gipuzkoarrei partidu bat geratzen zaie oraindik).
Gernika RTkoak, puntuak lortzeko presio barik jokatuz, sendo agertu ziren partiduko lehen 70 minutuetan, 19-12koagaz iritsi baitziren minutu horretara. Azken txanpan, baina, beren mailak nabarmen egin zuen behera, Ordiziaren lantaldearen sakontasuna tarteko. Hasiera-hasieratik, talde bietako batek ere ez zuen lortu partiduan nagusitasuna erakusterik. Basurdeak 7-0 galtzen hasi ziren, baina atoan eskuratu zuten 7-7ko berdinketa. Ondoren, uneoro aldaketak bistaratu zituen markagailuak: 15-7, 19-7, 19-12, eta abar.
Ordiziak zenbait aldaketa egin zituen, eta 70. minututik aurrera partiduan aurrea hartu zuen
70. minututik aurrera, Ordiziak zenbait aldaketa egin zituen, eta partidua erabakitzeko balio izan zuten. Gernika RTko entrenatzaile Eduardo Maidaganek adierazi duenez, lantaldean “kalitate handiko aldaketak” egiteko aukera edukitzea “giltzarri” izan zen: “Guk baino batez besteko maila handiagoa dute aldaketak egiterakoan, eta, horrelako partidu gogor batean, horrek garaipena lortzeko beharrezkoa den koskatxoa eman dezake”. Gernika-lumotarrak azaldu du Gernika RTk Ohorezko Mailako aurrekonturik apalena duela eta hori denboraldi osoan zehar “argi eta garbi” igarri dutela: “Ez dugu aitzakia legez erabili gura, baina aitortu behar da asko sumatzen den faktorea dela”. Bestalde, txanponaren ifrentzua Antton Zearreta busturiarrak eta Hanno Snyman zeelandaberritarrak bizi zuten, biek ala biek min hartu baitzuten. Zearretak, gainera, min handia hartu zuela iragarri dute taldetik.
Eduardo Maidagan: “Aurten etxetik kanpo ez dugu mailarik eman, eta etxean ere ohikoa baino eskasago aritu gara, talde borrokalaria legez azaldu arren”
Elite mailako ligaren zurrumurrua. Taldeak egindako urtearen irakurketari dagokionez, entrenatzaileak ez du zalantzarik: “Egia da partidu askotan zorte txarra eduki izan dugula, ondo jokatu arren ez baitugu punturik poltsikoratu. Nolanahi ere, aurten etxetik kanpo ez dugu mailarik eman, eta etxean ere ohikoa baino eskasago aritu gara, talde borrokalaria legez azaldu arren. Aurkariek, ostera, eduki dituzten aukerak guk baino hobeto aprobetxatu dituzte; horixe izan da gakoa, geure kalterako”.
Gernika-lumotarrak argitu du hurrengo denboraldiei begira elite mailako taldeen liga bat sortzeko zurrumurrua dagoela, eta toki hori “oso egokia eta, zelanbait, eremu naturala” litzatekeela Gernika-Lumoko taldearentzat: “Pareko aurrekontudun taldeek osatuko lukete liga hori, antzeko maila daukatenek. Iparraldean, adibidez, Hernani, Getxo, Zarautz edota Independiente moduko taldeak daude, batez besteko maila handia dutenak. Liga hori sortuko balitz, Gernika RTrentzat helburu polita litzateke lehen hiruen artean sailkatzea”.
“Lantaldeko kideek abuztu amaieratik gogor egin dute lan, eta sasoi batzuk ez dira batere errazak izan guztiontzat”
Entrenatzaileak, azkenik, lantaldeko kide guztiei “egindako esfortzu itzela” eskertu gura izan die: “Abuztu amaieratik gogor egin dute lan, eta sasoi batzuk ez dira batere errazak izan guztiontzat. Dena dela, denboraldi osoan zehar jarrera, inplikazio eta duintasun handia erakutsi dute. Ni, entrenatzaile legez, oso eskertuta nago”.