700 lagun elkartu ditu Gernika-Lumoko Mendijaiak
Arrolape Mendi Klubeko antolatzaileak "asebeteta" agertu dira mendizaleen erantzunagaz. Hurrengo urtera begira, gazteenen parte hartzearen eta jasangarritasunaren alde beharrean jarraituko dutela azaldu dute.
Pasealekuak eta Gernika-Lumo inguruko mendiek Gernika-Lumoko Mendijaia hartu zuten atzo [apirilak 30], Arrolape Mendi Klubak antolatuta. 700 mendizale elkartu ziren goizetik, eta, eguraldi on lagun, antolatzaileek prestaturiko bost probetan parte hartu zuten. Arrolapetik “oso pozik” agertu dira egitasmoak beste urte batez jasotako harreragaz: “Maiatzetik apirilera aldatu da, opor zubia tarteko, eta azken ordura arte eguraldiaren pentsuan ibili da. Dena dela, azkenean partaidetza oso txukuna eduki dugu”. Gainera, aurtengo ekitaldian aurrera ateratako berrikuntzak azpimarratu dituzte.
17 kilometroko lasterketan, beste behin, Julen Aranguena Arribalzaga kortezubitarrak bere lidertza sendotu zuen: Urdaibai Kopan lehiatu dituen hiru probetatik bigarrena poltsikoratu zuen, 1.18.37ko denbora eginda. Podiumean, albo banatara eduki zituen Aritz Martin Olabarriaga arratzuarra, bigarren, eta Ekaitz Lejarzegi Urizar ajangiztarra, hirugarren postuan. Ondoren sailkatu ziren inguruko beste zenbait korrikalari ere: Kepa Bastegieta Ereñozaga gernika-lumotarra, laugarren; Paul Ormaetxea Bilbao muruetarra, seigarren; Xuban Muniozguren Arrate markina-xemeindarra, zortzigarren; edota Oier Ispizua Olaeta ajangiztarra, bederatzigarren.
Emakumezkoen artean, borroka polita eduki ostean, Amelie Le Gall getxoztarrak irabazi zuen, Araitz Irazu Legorburu hernaniarraren eta Amagoia Salazar Bilbao elorriotarraren aurretik sailkatuta. Le Gallek 1.39.26ko denbora egin zuen; Irazuk, 1.40.27koa; Salazarrek, aldiz, 1.47.59koa. Aranguenak eta Salazarrek, gainera, beteranoen sailkapena ere eskuratu zuten. Promesa mailan, ostera, Ziortza Barruetabeña Erdaide gernika-lumotarra eta Muniozguren nagusitu ziren. Antolakuntzatik lasterketako batez besteko maila “oso handia” nabarmendu dute.
Gazteen 8,5 kilometroko lasterketak harrera bikaina eduki zuen, eta hurrengo ekitaldietan “geratzeko etorri dela” adierazi dute antolatzaileek
Gazteen lasterketa izan zen eguneko probarik jarraituenetakoa. 8,5 kilometroko proban, emakumezkoen artean, Jone Oar-Arteta kortezubitarra nagusitu zen, June Pozoren eta Haizea Gerrikabeitiaren aurretik. Gizonezkoen artean, berriz, Mikel Oar-Artetak eta Liher Urkizak lehen postua elkarbanatu zuten; podiuma Iker Ruedak eta Peru Enbeitak osatu zuten. Iazko ekitaldian xerpekin ekin zioten Arrolapekoek korrikalari gazteen aldeko apustuari, eta aurten indartu egin dute erabaki hori, gazteen lasterketa gazte mailako Bizkaiko Trail Txapelketarako puntuagarria izan baitzen. “Oso asebeteta” agertu dira korrikalariek erakutsitako jarreragaz, eta adierazi dute lasterkari gazteenen aldeko espazio hori “geratzeko etorri dela“.
“Datozen ekitaldietan urratsak egiten segituko dugu, jasangarritasunaren aldeko kontzientziazioa landuz”
Egitarauko xehetasun nagusia plastikoen erabileraren murrizketa izan zen. Anoa postuetan ez zen plastikozko edalontzirik egon; helmugan eremuan ere, zaborra sailkatzeko ahaleginetan aritu ziren arrolapetarrak. Azaldu dutenez, “abiapuntu ederra” izan zen domekakoa, eta aurrerantzean alor horretan lanean jarraituko dutela iragarri dute: “Datozen ekitaldietan urratsak egiten segituko dugu, jasangarritasunaren aldeko kontzientziazioa landuz. Mendijaikoa hasiera oso handia izan zen, eta proposamen handiagoak ere helduko dira”.
“700 euro baino askoz gehiago behar ditu Gonzalezek, baina oso hunkituta egon ginen denok, keinua emozionatuta hartu baitzuen Goirienak”
Kirola, elkartasun keinu. Bestalde, izen emate bakoitzagaz jasotako euro solidarioa #FreePabloGonzalez elkarteak jaso du aurten. Beraz, kazetari elantxobetarraren aldeko plataformak 700 euroko laguntza eskuratu zuen domekan. Hain zuzen ere, Gonzalezen bikotekideak, Oihana Goiriena nabarniztarrak, jaso zuen diru saria. Antolatzaileen esanetan, “kopurua barik, momentua eta esanahia” izan ziren esanguratsuenak: “Egia esan, 700 euro baino askoz gehiago behar ditu Gonzalezek bere eguneroko sostengurako, baina oso hunkituta egon ginen denok, keinua emozionatuta hartu baitzuen Goirienak”.
Era berean, emazteak aurreratu zuen klubekoekin ateratako talde argazkia kazetariaren zeldan jartzen ahaleginduko dela, gaitza den arren. Izan ere, argazki gutxi jaso ditzake, egun, Gonzalezek. Arrolapekoek, azkenik, nabarmendu zuten Gonzalezen aldeko borroka azkenaldion “apur bat kamustuta” dagoela, eta klubetik “bultzada” ematea ere bilatu dutela.