26 talderen arteko lehia, Bermeoko Warhammer txapelketan
Bermeoko Mahai Jokoak eta Rol Eskola Elkarteak (BREE) antolatutako IV. Warhammer 40000 Txapelketak 156 pertsona bildu ditu Artza frontoian.
Urtetik urtera hazten eta sendotzen doan txapelketa da Bermeokoa, eta aurreko urteetan ez bezala, udalerriko frontoia dute aurten jolasleku. Izan ere, lehia egon badago ere, euren zaletasuna eta pasioa den horregaz gozatzea da denen helburu nagusia. “Batzuk lehiatzera etortzen dira, eta baditugu gure klasikoak ere, beti Bermeora etortzen direnak ondo pasatzera. Baina lehiatzera datozenak ere ondo pasatzera datoz. Betiko moduan, giro ona dago”, azaldu dute antolatzaileek.
Atzo dena prest utzi zuten, eta gaur 08:00etan hasi dute jardunaldia. “Gehienak atzo heldu ziren Bermeora, eta gaur 20:30ak arte egongo gara”. Bost erronda egingo dituzte, eta bihar eguerdian egingo dute sari banaketa ekitaldia: “Gaur hiru erronda beteko dituzte eta bihar beste bi. Bihar 08:30ean hasiko gara, eta 13:00-13:30 bitartean amaitzea aurreikusi dugu”.
26 talderen artean lehiatuko dute aurtengo txapelketa. Euskal herritarrez gain, Espainiatik etorritako taldeak daude: Asturias, Kantabria, Leon, Madril, Cuenca, Ceuta, Murtzia… Izan ere, hain ezaguna izan ez arren, zale asko batzen dituen zaletasuna da, eta, esaterako, asteburu berean bi hitzordu daudela azaldu dute: “Warhammer mundua oso ikusgarria da, ez delako jokoa soilik, baizik eta hori ahalbidetzen duen guztia: figurak, modelismoaā¦ Asteburu honetan beste txapelketa bat ere izan da Alakanten, eta bertan 240 bat pertsona daude”.
Urtero-urtero “indar gehiagogaz egoteko” prest daude: “Orain dela lau urte 40 pertsonagaz hasi ginen, eta iaz 100 pertsona baino gehiago batu ginen”. Gaur ere frontoia bete dute, baina esan dutenez, beste pare bat talderentzako lekua egiteko aukera badute.Ā
Txapelketa antolatzeko daukaten laguntza eskertu eta goraipatu dute bermeotarrek: “Gure inguruan giro oso ona dago. Taldean hamabi gara, baina beste taldeen laguntza daukagu; Barakaldoko klubagaz harreman oso estua daukagu, eta Gasteizkoek ere laguntzen digute, eta gu ere bertara goazenean laguntzeko prest egoten gara. Bestalde, udalak pila bat lagundu digu leku hau uzten”.Ā
Bestalde, zaleei txapelketara zein elkartera hurreratzeko gonbidapena luzatu diete: “Bermeokoek eta ingurukoek parte hartu nahi badute, instagrametik idazteko aukera daukate. Ekitaldiei buruzko informazioa ere bertan jartzen dugu”.