Memoriaren kontakizun bat
75 urte bete berri ditu Drogueria Amutiok, eta urteurrena ospatzeko hitzordua jarri du gaurko, "denda baten historiaren kontakizunaren bitartez, herri baten historia ezagutu daitekeelako".
Herriko establezimenduek biziz betetzen dute herria, tokian tokiko garapenaren parte dira, eta merkatariek gertuko harremanak sortzen dituzte herritarrekin. Denda baten historiaren kontakizunaren bitartez, herrien historiak ere ezagutu daitezke; izan ere, denden historia historia garaikidearen memoria zati bat plazaratzeko modu bihurtu da egun.
Gernikako bonbardaketaren 86. urteurreneko testuinguruan, Gernika-Lumoko Drogueria Amutiok 75 urte bete ditu. 1948ko apirilean zabaldu zuten gaur egun dagoen kokalekuan, eta hori ospatzea erabaki dute. Gaur, 18:30etik aurrera, bertsolariek eta musikariek beteko dute Domingo Alegria Plaza; bertsolariez gain, Zuga eta Erreten taldeak ariko dira iluntzea musikatzen. Zozketak ere egingo dituzte, eta horietan lortzen duten dirua Batera Gara egitasmora bideratuko dute.
Antonio Amutiok zabaldu zuen establezimendua 1948an eta, ondoren, Javier Amutio semeak jarraitu zuen. Bere emazte Felicidad Izagirre gehitu zitzaion gero eta, gaur egun, Ainara Amutio –bien alaba– da negozioaren arduraduna.
Gernikako dendarik zaharrenetarikoa da Amutio, eta, negozioak 75. urteurrena ospatuko duen arren, aurretik ere zabalik egon zela diote. «Leku honetan bete ditugu 75 urte, baina aurrerago ere, zabalik egon zen, baina ez dakigu non», adierazi du Ainara Amutiok. Zenbat denboraz egon zen zabalik ere ez dakite, ez eta zabaldu zen eguna zein izan zen ere.
Hala ere, bonbardaketaren urteurrenean kokatzen dute familiakoek, aititek bonbardaketa bizi izan zuelako eta bizirik ateratzea lortu zuelako: «Galdetuko nioke aitonari ea non egon zen aurreko denda, baina ez dakigu. Dakigun bakarra da lehenago ere egon zela. Hala ere, egungoa 1948an zabaldu zuela badakigu, eta guk dendaren urteurrena bonbardaketako urteurrenean izan zela esaten dugu, aitite bonbardaketatik bizirik atera zelako. Bonbardaketa bizitzea eta hortik bizirik ateratzea bigarren bizitza bat izatea legez da, eta horregatik aukeratu dugu data hori». Amutiok gogoratu duenez, aititeri Andra Mariko babeslekura joateko esan zion haren lagun batek, baina hara ez joatea erabaki zuen: «Eskerrak, babesleku hori amaitu barik zegoelako eta hainbat hildako zenbatu zituztelako han».
Aitortu dute gordeta daukatela aititek negozioaren ardura zueneko egunerokoa, eta horri esker dendaren zein herritarren joerak aztertu daitezkeela: «Aititeren idatziek balio ikaragarria dute, balio sentimentalaz gain, erakargarriak dira, eta dendari buruzko datuak eskaintzen dituzte».
Ondorioz, 75 urtez, Gernika-Lumoren eboluzioa ikusi du dendak eta aurten, lehenengoz, Gernika Memoriaren Lekukoren bonbardaketaren urteurrenaren egitaraura gehitu dira, «dendaren historiaren kontakizunaren bitartez Gernika-Lumoko historia garaikidearen memoria zati bat plazaratzeko». Horretarako, Haritz Petralanda Mugarra ikus-entzunezkoetan dabilenak bideo kronika egin die bilduma gisa.
Urteurreneko egitarauan parte hartzea «aitortza» bat dela dio Amutiok, «egun garrantzitsu hori azpimarratzeko» aukera. «Gernika Memoriaren Lekuko elkartekoei proposatu nien egitarauan sartzea, eta ondo iruditu zitzaien, memoria lanketa delako hau, denda herriaren garapena ikusi eta horren parte izan delako», azaldu du Amutiok.
Beharrizanei erantzuna
Beharrezko produktuak saltzeko erabaki zuen denda zabaltzea Antonio Amutiok, «lehentasunezko produktuak saltzeko». Haziak, etxea garbitzeko produktuak… ziren saltzen zituen lehenengo produktuak.
Aitite jubilatu ostean, aitak hartu zuen haren lekua, eta lurrinak saltzen hasi zen. Gero, Izagirre sartu zen, eta drogeriako produktu gehiago sartu zituen establezimenduan. «Nik duela 4 urte hartu nuen kargua, pandemia aurreko urtean», adierazi du Amutiok. Txikitatik ditu oroitzapenak dendan, dela bezeroei zer gura zuten galdezka, dela jolasean, dela aitari lan egiten. Dendaren inguruan egon diren aldaketak ere gogoratzen ditu, Domingo Alegria plazaren eraldaketa, kasu. «Hemen hazi naiz, txikitatik egon naiz dendan, hainbat eta hainbat oroitzapen on ditut bertan», aitortu du.
Eta drogeriaren garapenean ere beste pauso bat eman du: dendan zer saltzen duten erakusteko sare sozialetak erabiltzen ditu. «Produktuak erakusteko erakusleihoa dira sare sozialak, jendeak zein produktu ditugun ezagutzeko aukera. Gazteei gerturatzeko beste tresna bat dira, gazteek ikusteko herrian ere denetariko eskaintza dagoela», argudiatu du.
Gernikar «gehienak» noiz edo noiz sartu dira Amutiora, eta aurrez aurreko gertutasuna nabarmendu dute askok eta askok. «Guk aholkuak ematen dizkiegu, bezeroengandik gertu gaude, eta gure esperientzia propiotik berba egiten diegu. Hori da desberdintasuna, pertsonek ematen duten tratua».
Familia negozioa da Amutio, eta familiarteko negozio «gutxiago» daudela diote familiakoek: «Gernikan oso gutxi geratzen gara. Juanita Mugartegik zarratu egin du orain gutxi, baina badaude baten batzuk: Adela Garteiz, Bego eta Nerea… Hala ere, oso gutxi». Tradizioa galtzen doala diote, «jendea lokal bat zabaltzeko arriskua hartzea galtzen» ari delako. «Zailtasun asko daude negozioa zabaltzeko, eta ekintzaileek beste bide bat hartzen dute», azaldu dute, baina familia negozioen garrantzia azpimarratu dute: «Garrantzitsua da familia negozioak, herrikoak, udalerrietan egotea. Herrian bizitasuna sortzen dute, eta herria aktibo mantentzen dute».