Gerraren katea "eteteko" deia, Gernikatik
Gerrak alde batera uzteko eta gerraren katea "eteteko" deia zabaldu zuten Gernika Memoriaren Lekuko plataformakoek atzo, Merkurion egin zuten elkarretaratzean.
Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren ostean, gerrak alde batera uzteko eta gerraren katea “eteteko” deia zabaldu zuten Gernika Memoriaren Lekuko plataformakoek atzo: “Bonbardaketaren urteurrenean, gure ordezkariak bakeaz, egiaz, justiziaz, elkartasunaz aritu zitzaizkigun. Bada garaia hitz eder horiek gureak egiteko. Bultzatu dezagun gure industriaren eta gure gizartearen desmilitarizazioa. Eten dezagun gure arteko gerraren katea. Ez gaitezen engainatu”. Hori horrela, agintariei exijitu zieten “beste etorkizun bat eraikitzeko benetako” konprimisoa, “lanpostu bat ere galdu barik”.
Izan ere, norenak dire gerrak galdegin zuten atzo Merkurion egin zuten elkarretaratzean. “Herritar xumeenak? Armak noren onurarako ekoizten, saltzen, erosten, mantentzen, berrizten eta ikertzen dira? Lurra eta itsasoak irensten ari diren –eta ari garen– garai honetan, gosea, zapalkuntza eta txirotasuna munduko lau bazterretatik hedatzen ari den garai honetan, kapitalistak haien poltsikoak etengabe betetzen ari diren honetan… besoak gurutzatuta geratuko al gara?”, galdetu zuten plataformakoek.
Hala, zenbait datu eskaini zituzten. Izan ere, 2021ean, munduko arma produkzioa ia 2 bilio eurotakoa izan zen, eta jakinarazi zuten, gainera, armagintzak urtero 750 milioi euro fakturatzen dituela Bizkai, Araba eta Gipuzkoan: “Zeharka edo osotasunean armak ekoiztu eta proiektu militarretan ari diren enpresak ehun baino gehiago dira, haietako asko frankismoan errotuak”. Salatu zuten enpresa horiek Europar Batasunaren eta Espainiako Gobernuaren aldetik jasotzen dituzten diru laguntzez gain, euskal erakundeen aldetik “ehun milioi euro” jasotzen dituztela diru laguntzetan, “horiek ere urtero”.
Gainera, gogoratu zuten 1936 aurretik ere gerra “hemen” hasten zela, Astran edo Talleres de Gernikan. “Gerra hemen hasten zen, Astran eta Talleres de Gernikan, espainiar armadarentzat armak egiten zirelako, baita beste askorentzat ere”, adierazi zuten. Eta 1936 ostean ere, kanpoko gerretan erabiltzen ziren heriotzarako “tresna finenak” hemen eta Euskal Herriko beste leku batzuetan ekoizten zirela gogoratu zuten.
Memoria oroimena dela esan zuten, baina baita “ekiteko kontzientzia” ere: “Memoriak iraganari begiratzea esan nahi du, baina gaur egunari zentzua topatzea eta etorkizun askeagoa eraikitzea ere bai. Zertarako landu memoria bestela? Urtero errepikatzen den alperrikako errituetan geratzeko? Memoria lana da, ez erosokeria”.