100 lagun inguru elkartuko ditu Bertso triki pintxo poteoak
Udalerriko sei txokoek parte hartzen dute aurtengo ekimenean, eta 18:00etan jarri dute elkartzeko hitzordua Elizalden.
Pandemiaren ostean, hiru urtetako geldialdia eta gero, Bertso triki pintxo poteoa berreskuratuko dute zapatuan Muxika, Ibarruri eta Gorozikan, eta txoko batetik bestera ibilko dira izena eman duten 100 lagunak. “Udazkenean egiten genuen lehen, baina herritarren proposamenak kontuan hartuta, udaberrian egitea erabaki dugu aurten”, adierazi du Roke Ojanguren udalerriko zinegotziak.
Udalerriko sei txokoek parte hartzen dute aurtengo ekimenean: Oizpek (Maume, Ibarruri), Dringili Drangolok (Ajuria, Ibarruri), Saltsamendik (Ibarruri), Gaukarik (Gorozika), Atxelipek (Ariatza, Muxika) eta Kolakainek (Elizalde, Muxika).
18:00etan jarri dute elkartzeko hitzordua Elizalden, eta Maumeko Oizpe txokoa izango dute lehen geralekua; handik Ajuriara joango dira, eta Ibarrurira, gero. Gorozikatik igaroko dira ostean, Ariatzako txokoa bisitatuko dute, Elizalden amaitzeko.
Lehiaketarik ez.
Aurten ez da lehiaketarik egongo, baina txokoek bi pintxo aurkeztuko dituzte, bata hotza eta bestea beroa. “Txoko guztien errealitatea ez da berdina. Txoko batzuk askoz ere jende gehiago dute lanerako, eta beste batzuek, gutxiago. Eta dituzten instalazioak ere ez dira berdinak; batzuek ezkatz handia dute eta beste batzuek txikia. Ondorioz, eta partaide guztiek baliabide berak ez dituztenez, denetzako saria egongo da”, arrazoitu dute.
Pintxo eta poteoak bertsolariak eta musikariak izango ditu lagun. Izan ere, Lilibertsoko kide Asier Galarza, Koldo Gezuraga, Ibai Amillategi eta Aitor Etxebarriazarraga ariko dira bertsotan, eta EinGO taldeak gidatuko du ibilbide guztia. Amaieran, Elizalden, azken txokoan, Djak egongo dira goizaldera arte.
Urtero legez, ekimenak herritarrak “elkarregaz batzea eta udalerriari bizitasuna” ematea ditu helburu. “Muxika oso udalerri sakabanatua da, 20 auzo inguru dituena, eta herritarrak euren auzoan egon ohi dira. Ez dago auzo batetik bestera joateko joerarik. Beraz, autobus zerbitzua jarrita, pintxopotea elkarregaz egitea eta auzo batetik bestera joatera bultzatzea pentsatu genuen”, azaldu du Ojangurenek.