Gernika Batzordea: "Otsoen aurrean, sikatearen aurka, lukurreriaren kontra, memoriaren etxea defendatuko dugu"
Memoria lantzeko lanean, herritarrek parte hartze nabarmena izan zuten atzo. 'Gernika Garretan' kale antzerkia berreskuratu zuten, eta memoria egitearen ardura plazaratu zuten dantza, antzerki eta musika bidez. Kandelen sugarraren argiaz, isiltasunean, gogoetarako tartea hartu zuten.Ā
Memoria kolektiboaren alde egin zuten atzo gernikarrek. Memoria kolektiboa defendatu zuten Gernika Memoriaren Lekuko plataformakoek.
Memoria “maite” dutela adierazi zuten bonbardaketaren 86. urteurrenean Gernika Batzordekoek. “Egun ederra” izan zela adierazi zuten, “maite den memoriaren alde jardutea beti delako ederra” esanez, eta lan horretan jarduteko asmoa iragarri zuten, Gabriel Arestiren berbez baliatuta: “Otsoen aurrean, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, guk memoriaren etxea babestuko dugu”.
[BONBARDAKETAREN 86. URTEURRENEKO ARGAZKI GALERIA]
Nonahi ematen diren eta nolanahikoak diren dramen katalogoa “amaigabea” dela esan zuten, eta engainuan ez erortzeko eskatu zieten herritarrei: “Lilurarik ez. Liluratzeko arrazoi gutxi dago bizi dugun eta berria ez den honetan. Tronpatzerik ez, ez gaitezen engainatu, ez gaitezen engainatzen utzi. Edo mugitzen gara gauzak aldatzeko, edo guk geuk ere halan edo holan ahazten lagundu dugun zulo beltzak irentsiko gaitu. Kontsolatzerik ez. Atzera bueltarik ez duen egoerak harrapatzen gaituenean, zerk arinduko du gure ardura? Nor egongo da gure ondoan? Orain da ekiteko eguna“.Ā
Idazle baten berbak gogoratuta, egunak balioesteko orduan, “landatutako haziak” aintzatĀ hartu behar direla esan zuten, eta horiek zaintzearen beharra ikusarazi zuten: “Idazle batek aspaldi batean esan zuen: ez baloratu gaurko eguna jaso duzun uztagatik, landatu duzun haziagatik baino. Bai, gure kasuan, memoriaren hazia landatu, ureztatu, zaindu egin behar dugu, denok, denon mesederako izango da-eta”.Ā
[BONBARDAKETAREN 86. URTEURRENEKO ARGAZKI GALERIA]
Eta hazia hazteko lan horretan, herritarrek parte hartze nabarmena izan zuten atzo. Gernika Garretan kale antzerkia berreskuratu zuten, eta memoria egitearen ardura plazaratu zuten dantza, antzerki eta musika bidez. Kandelen sugarraren argiaz, isiltasunean, gogoetarako tartea ere hartu zuten herritarrek. Memoriaren suak argitu egin zien.Ā
Memoriaren gudu zelaian, baina, “sarraski jaleen” interes “ilunek” bizikidetzaren aldeko eremua “lokaztu” gura izan dutela salatu dute: “Euren memoria, euren errelatoa, euren biktima bakarrak inposatu dituzte”. Eta, horretan, Gogora Institutuaren ardura aitatu dute, memoria ezin dela bridatu esanez: “Memoriak, erreka baten modura, beti bilatuko du bere bidea. Erreka bati ezin zaio etika leziorik eman”.Ā