Egun osoko egitaraua, Ibarrangeluko Azokan
Baserritarren eta artisauek erakusmahaiez gain, besteak beste, otzararen zozketa, orga lasterketa eta erromeria izango dira domekan (apirilak 30).
Ibarrangeluko Udalak bi urterik behin antolatzen du azoka, 2019an izan zen aurrekoa, baina, iaz pandemiagatik ez zuten egin, eta, aurtengorako, egun osoko egitaraua prestatu dute.
Domekan (apirilak 30) 31 salmahai egongo dira Elexalde auzoko aparkalekuan. “Baserritar eta artisauez gain, bestelako ekoizleen produktuak ere erosi ahalko dira, kontserbak eta txakolina, adibidez, eta zelan ez, taloen txosna ere ez da faltako”, esan dute udal ordezkariek. Beste behin, artisauen erakustaldiak ere izango dira; ehun zein ehoziri lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek.
Gainera, aurreko urteetan egin modura, oraingoan ere, azokan dauden produktuekin betetako otzara zozkatuko dute: “Bertan saltzen egoten direnekin osatzen dugu, postu bakoitzean produktu bat erosten dugu”.
Bestalde, bitxikeria edo ikusmina sortzen duen orgekin egiten duten lasterketa izaten da. Elexaldeko aldapan gora lehiatuko dira bikoteka, arratsaldean, eta antolatzaileek aurreratu dute irabazleentzat saria egongo dela.
Azokara hurreratzeko gonbidapena luzatu dute udal ordezkariek: “Jende asko batzen da, euria iragarrita dago, baina badakigu eguraldi ona izanez gero, pila bat jende etorriko dela”.
Egitaraua:
- 11:00. Azokaren hasiera.
- 12:00. Joseba eta Koldoren eskutik trikitixa.
- 14:30. Otzaren zozketa.
- 17:00. Karretila kronoeskalada.
- 18:30. Umeen txokolatada.
- 20:00. Iratzar erromeria.