Bere esentziari eutsiz dator Morgako nekazal eta artisau azoka
Gamizko Levandoski astoa eta Fikako Tango zaldiaren arteko desafioa ere prestatu dute domekarako (apirilak 30).
XXII. Morgako Azokak inguruko ekoizleak zein erosleak batzea espero dute. Oraingoan ere, nekazal eta artisau postuak, txosna taloekin eta animalien erakusketa izango dira aukeran.
Udaletik esan dutenez, ekoizleen hamazortzi salmahai egongo dira. Ohiko azoka eremuan banatuta egongo dira, baina urten udaletxeko lanen ondorioz, Lehendakari Agirre Enparantzan aurrekoetan baino leku gutxiago edukiko dute, eta, beraz, denak ezingo dira bertan egon. Esate baterako, artisauak frontoian egongo dira. “Inguruko ekoizleak etortzen dira euren produktuak saltzera: ogia, patea, eztia, txakolina… Alboan ditugun ekoizleei deitzen saiatzen gara. Udaletxe aurreko plazan posturen bat egongo da, baina, adibidez, taloak elizpean egongo dira. Lanak hasita daude, eta beheko partea dena apurtuta dago”, azaldu du Mari Tere Artetxe Barrena Morgako alkateak.
Aurrekoetan modura, aurten ere askotariko animaliak egongo dira Andra Mari elizaren aurreko aldean. Alkateak esan bezala, animalia mota zein espezie desberdinak eroaten ahalegintzen dira, eta batik bat umeengan ikusmina sortzen dute: “Eta umeentzako zerbait eskaintzea ere gustatzen zaigu; umeak etorriz gero, gurasoak etortzen dira, eta jende gehiago biltzen da. Animalien erakusketa eurentzat erakargarria izaten da, asko gustatzen zaie espezie desberdinetakoak ikustea”.
Produktuen salmenta baino askoz gehiago izaten da azoka, eta urtero ekitaldi osagarriren bat antolatzen dute. Horregatik, Gamizko Construcciones Torrontegikoen Levandoski astoa eta Fikako Garcia Anaien Tango zaldiaren arteko dema ikusi ahalko da 12:00etatik aurrera, probalekuan. Zein baino zein gehiago ariko dira bertako harriagaz. “Lehenengoz etorriko dira. Eurek eskaini ziguten; erakusketa egiteko proposamena luzatu ziguten. Ez da saririk egongo”.
Azoka girotzeko musikarik ere ez da faltako; izan ere, EinGo taldeko musikariak 13:00etatik 16:00ak aldera arte ibiliko dira azoka inguruan: “Eingo taldea izango dugu giroa alaitzen. Denbora ona egiten badu, egun polita izango da”.