Artza frontoian jokatuko da Warhammer txapelketa asteburuan
156 parte hartzaile batuko ditu aurten txapelketak; zapatua eta domeka bitartean bost partida jokatuko dituzte.
Bermeoko Mahai Jokoak eta Rol Eskola Elkarteak (BREE) antolatuta, IV. Warhammer 40000 txapelketa jokatuko da asteburuan. Aurten, 156 parte hartzaile egongo dira, iaz baino gehiago. 26 taldek lehiatuko dute, eta talde bakoitzean sei jokalari egongo dira.
Antolatzaileek diote Warhammer munduaren baitan, Bermeo leku garrantzitsu bilakatu dela; “bere lekutsua eta izena eginda dauka”. Hala, Espainiako Estatuko warhammerren jokalaririk onenetariko batzuk bertaratuko dira. “Pena da asteburu honetan Lleidan (Herrialde Katalanak) beste Warhammer txapelketa garrantzitsu bat dagoelako, eta jokalariak banatu egiten dira. Badakigu badaudela jokalariak bietan egon gurako luketela”, dio BREE elkarteko kide Ivan Andresek. “Gogoa daukaten arren”, bermeotarren parte hartzerik ez da egongo, “gutxi direlako” eta antolaketa lanetan horien guztien laguntza beharrezkoa delako.
Zapatuan eta domekan ariko dira lehian. Hiru partida jokatuko dituzte zapatuan, goiz eta arratsaldez, eta domekan bi. 14:00etako amaitu gurako lukete; ordu horretarako aurreikusita baitago sari banaketa ekitaldia egitea. Talde irabazleak txapela eta garaikurra jasoko ditu saritzat, eta bigarrenak eta hirugarrenak garaikurrak jasoko dituzte. Gainontzekoen artean figuren sortak zozketako dituzte.
Oraingoan, eurak gura eta eskatzen zuten moduan, Artza frontoian batuko dira: “Leku handiagoa da eta herritarrengandik hurbilago gaude, eta garrantzitsua da guretzat”. Ateak zabalik egongo dira kuxkuxeroentzat, eta edozein galderari erantzuteko prest egongo direla esan du. Izan ere, dioenez, Warhammer mundua “oso ikusgarria” da, ez delako jokoa soilik, baizik eta hori ahalbidetzen duen guztia: figurak, modelismoa… Aurten, gainera, berritasun modura, cosplay bat dakarte: “Warhammerreko pertsonaia bat den espazioko marinez mozorrotuta egongo da pertsona bat, bi metro eta erdiko altuera du. Lameratik eta inguruetatik ibiliko da. Herritarrak harritu egingo dira, arreta deitzen baitu”.
Abuztuan Munduko Txapelketa jokatuko da Belgikan, Espainiako selekzioak parte hartuko du eta taldean egongo da Ivan Andres bermeotarra ere. “Oso garestia” dela dio, Munduko Txapelketarako jokalari bakoitzaren izen-ematea 150 euro dira.