Labauriaren "duintasuna eta testigantza" eskertu ditu Gernikazarrak
Gernikazarrakoen omenaldiaz gain, lore eskaintza egin dio EAJ Uri Buru Batzarrak Labauriari, eta bertan egon dira alkate izandakoaren senideak.
Jose de Labauria 1937ko apirilaren 26an Gernika-Lumoko alkate izan zena omendu du gaur Gernikazarrak, bonbardaketaren urteurrenean. Erasoa bizitzeaz gain, udalerria bonbardatu zutela zabaldu zuen komunikabideetan alkateak, eta horregatik aukeratu dute gaurko eguna omenaldirako: “Gernikazarrak urteak daramatza omenaldi hau antolatzen, eta gure ustez, egun hau izan behar da Labauriari dagokiona. Horregatik gaude hemen”. Gernikazarrakoen omenaldiaz gain, lore eskaintza egin dio EAJ Uri Buru Batzarrak Labauriari, eta bertan egon dira alkate izan zenaren senideak.
Jabi Urrutia eta Alberto Iturriarte Gernikazarrako kideek Labauriaren “duintasuna eta testigantza” eskertu dituzte ekitaldian: “Herriko memoriaren gune txiki honetan eta irudi honen aurrean batu gara gaur, Jose de Labauriak bi gauza baliotsu irakatsi zizkigula gogoratzeko eta eskertzeko: duintasuna eta testigantza”.
Herri batek bizi dezakeen egoerarik “larriena” bizi izan zuen Labauriak, eta erasoa amaitutakoan herritarrak babestu zituela gogoratu dute. “Erasoa amaitutakoan, kalera irten eta suteak itzaltzeko lanei ekin zion Labauriak, baita biktimak berreskuratzeari eta hiritarrak Bilbora joatea gomendatzeari ere. Erantzukizun horretan mantendu zen altxatuak sartu eta bere Gernika utzi behar izan zuen arte, apirilaren 29an”, gogoratu dute udalerriko historia taldekoek.
Gernikan gertatutakoaren egia ukatzen ahalegindu zirenen aurrean, “bonbardaketarik ez zela izan eta gudariek Gernika erre zutela esaten zutenen aurrean”, bere testigantza eman zuen. Izan ere, Labauriak uste zuen “azkar eta ozen”Ā jakinarazi behar zitzaiola munduari Gernikan zer gertatu zen: “Maiatzaren 4an Bilbo Irratian egin zuen bere salaketa famatua, George Steer kazetaria, Bonifacio Etxegarai jurista, Eusebio Arronategi Apaiza eta Jesus Maria Leizaola bertan zirela. Munduko egunkari askotan oihartzun izugarria izan zuen agerpen horrez gain, hurrengo egunetan ere, atzerritarĀ kazetari askoren aurrean eman zuen gertatutakoaren berri. Azpimarratzekoa da Belgiako eta Frantziako prentsan zabaldu zen bere Eskutitza munduari azalpena, bere testigantzari eutsiz”. Iparraldean errefuxiatuta zegoela, 1938ko apirilean, Aita Barandiarani idatziz emandako testigantza ere jasota du Gernikazarrak.
Historia taldekoek gogoratu dute, Bigarren Mundu Gerra hasi zenean eta Alemaniak Frantzia okupatu zuenean, penintsulara itzuli zela, “Bidasoa ibaia ezkutuan zeharkatuz”.Ā Apaiz euskaldun baten lagundu zion, baina aurkitu egin zuten, atxilotu eta Bilboko Larrinaga kartzelara eroan. 12 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina gaixotasun larri bategatik aske geratu ondoren, 1945eko urriaren 31n hil zen Bilbon. Han egindako hiletak eta Gernikan egindako ehorzketak “jendetza handia” eragin zutela gogoratu dute gaur.
Labauria EAJren alderdikidea izan zen, eta Xabier Irazabal EAJko ordezkariak “haren eredua” jarraituko duela adierazi du: “Gaur igartzen dut historiaren pisua eta erantzukizuna. Alkatetzan egonez gero, Labauriaren eredua neure egingo dut, abertzale modura eta herritar guztien babesle modura”.