Hareharrizko hormen azpian lurperatutako egia azaleratzen
Gernika Memoriaren Lekuko plataformaren 'Gernika Bizirik' abestiari irudia jarri dio Larraitz Zuazo zuzendariak; bideoklipa aurkeztu zuten atzo.
Harrizko hormen azpian lurperatuen hamarkadetako isiltasunak “ozen” dio “egiak mutu dirauela” eta “azaleratu” egin behar dela, “lau haizetara hedatu behar dela”. Hala dio Gernika Memoriaren Lekuko plataformaren Gernika Bizirik abestiak, eta letra horri irudia jarri dio Larraitz Zuazo zuzendariak: bideoklipa aurkeztu zuten atzo.
Ross Dantza eskolako zazpi emakumek –Maeva Morlesin, Naroa Arandia, Alaitz Elorrieta, Elena Jimenez, Amaia Agirre, Laura Macias eta Iraide Macias– osatutako koreografia batek jarri dizkio irudiak Jon Rementeria Larruzearen kantuari, sarraskiko irudiekin batera.
“Gernika bizirik” dagoela aldarrikatzen du kantuak, eta helburu hori transmititu gura izan du Zuazok. “Ikuslearengan sentsazio edo sentimentu batzuk sortzea helburu duen lengoaia da niretzako bideoklipa. Abestia eta abesti horrek esan nahi duena kontutan hartuta, sentsazio horiek lortzen ahalegintzen naiz”, adierazi du zuzendariak.
Kasu honetan, Gernikako bonbardaketako irudi artxiboaz eta Ross Dantza Eskolako ikasleen koreografiaz baliatu da hori lortzeko: “Jolastu gura izan dut Rosa Rementeriaren ikasleen koreografiarekin. Dantzari emakume eta gazteen mugimenduagaz, etorkizunari begirada bat egin gura izan diot. Iraganeko irudiak eta koreografiak uztartu ditut etorkizunari begiratzeko, eta mugimendu horien guztien batura da bideoklipa”.
“Elkarlenean” egindako lana izan da Gernika Bizirik abestia osatzen duena, “denen artean sortutakoa”. Izan ere, holako proiektuak “elkarlanean” bakarrik uler daitezkeela dio. “Enkargua alde batetik beste batera iristen den arren, bitarteko lana elkarlanean egin behar dela uste dut”.
Atzo argitaratu zuten lana, Naiz-en, eta ikusleen erantzuna “positiboa” izan dela dio zuzendariak; hala ere, beretzako “garrantzitsuena” izan dela Gernika Memoriaren Lekuko plataformakoen eta Rementeriaren gustukoa izatea onartu du. “Ni ez naiz oso konbentzionala, kontzeptuala naiz, eta bideoklipa euren gustukoa izatea gura nuen. Orokorrean, inguruan izan dudan jendearen erantzuna positiboa izan da. Baina niretzako garrantzitsua zen Jon eta elkartea gustura geratzea. Izan ere, nigan jarri duten konfiantza itsua izan da, eta eskertzekoa da”.