Gernikan gertatutakoa munduan zabaltzeagatik George Steer kazetaria omendu dute
Kazetariaren seme George Steer Gernikan dago gaur, eta omenaldian bere aitaren esaldi bat izan du gogoan: "Kazetariak behar ditugu; kazetari zintzoak eta kementsuak".
Urtero egin legez, Gernikan gertatutakoa munduan zabaltzeagatik George Steer kazetaria omendu dute. Bere monolito aurrean aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egin diote, eta kazetariak The Times eta The New York Times egunkarietan egindako gertakarien kronika zehatza balioetsi dute, “funtsezkoa izan baitzen herri honetan gertatutakoaren egia kontatzeko”.
Gernikazarra Historia Taldeko kide Jabier Urrutiak eta Alberto Iturriartek Steerren hitzak gogorarazi dituzte, gerora idatzitako El arbol de Gernika liburuaren pasarte bat, hain zuzen ere.
Kazetariaren seme George Steer Gernikan dago gaur, eta aitaren omenaldian parte hartu du. Aita gogoan izateagatik eskerrak eman ditu. Gernika-Lumo eta Euskal Herriko “oroitzapen politak” dituela esan du, eta bere lagun izan ziren Joseba Agirre eta Luis Uriondo “Gernikako heroia” aipatu ditu. Bere aitak zioen esaldi bat nabarmendu gura izan du: “Kazetariak behar ditugu. Kazetari zintzoak eta kementsuak behar ditugu”. Bere aitaren bizitza “nahiko tristea” izan zela esan du, “amaiera ere tristea eta zoritxarrekoa izan zen”. Hala ere, “oso pozik” egongo litzatekeela esan du gaur egungo Euskal Herriagaz, eta ez gerrakoagaz.
Jose Mari Gorroño Gernikako alkateak esan du Steerren omenaldia, orokorrean, kazetari guztiei egindako omenaldia dela. Alkateak adierazi du “garrantzia handia” duela herritarrak ondo informatzeak: “Etorkizuna dago egia baldin badago”. Modu horretan, Steerrek “egiaren” alde egin zuen lana balioan jarri du: “Ikusitakoa transmititu zuen munduan. Gerretan lehenengo biktima egia izaten da, baina hori ez zen Gernikaren kasua izan Steerren eta beste kazetari batzuen lanari esker”. Kazetariak izan zuen ausardia eskertu dio alkateak, biktimen, bizirik atera direnen eta herri osoaren izenean: “Egia esatean egitateen egia ezkutatu nahi zuten beste bertsioen kontra egin zuen”.
Gaurko ekitaldian ere, atzo egin modura, Espainiako Gobernuari eskatu dio aurten “beste pauso” bat emateko eta “egia jasotzen duen komunikazio ofiziala” egiteko.