EH Bilduk "memoria eta memoriaren transmisioa" babestu ditu
Gernika-Lumok historian bizi izan duen “egunik tristeena” gogoratu du EH Bilduk gaur. “Duela 86 urte indar faxistek hainbat bizitza suntsitu eta gure herria eraitsi zuten”, adierazi dute koalizio abertzalekoek udalerrian dagoen biktimen omenezko monumentu zibil bakarraren aurrean, eta horiek oroitu ditu.
Mundu mailan, Gernika bakearen eta adiskidetzearen alorrean “erreferente” bilakatu dela esan du Jose Ramon Bilbao Gernikako alkategaiak, eta “ez dela ahaztu behar” azpimarratu du: “Gaurko egunez, eta hurrengo urteetan, bonbardaketa ez zela egun triste bat izan gogoratu behar dugu, ez zela ezeren amaiera izan, aro ilun baten hasiera baizik”. Horregatik, biktima horiek guztiak oroitu eta gogoratu gura izan dituzte, “memoria eta memoriaren transmisioa” berebizikoa delako. Hala, horretan aritzen diren talde guztiek euren “babesa eta esker ona” izango dutela dio Bilbaok.
Maddalen Iriartek gogoratu du Gernika bonbardatu zutenek ez ziotela Gernikari “ausaz” eraso egin, “helburu batekin” hautatu zutela: “Euskaldunontzako sinbolikoa den herria zelako, askatasunaren ikur”. Eta, 86 urteren ostean, “demokrazian eta askatasunean oinarritutako Euskal Herria eraikitzen” ari direla aitatu du.
Iker Casanovak, bere aldetik, Gernika “askatasunaren sinbolo” modura definitu du, eta Iriarteren berbak berretsi ditu: “Gernika errauts bihurtzen saiatu ziren Euskal Herriagaz eta gure hizkuntzagaz, kulturagaz eta etorkizunagaz amaitzeko. Hala ere, 86 urtera, zutik jarraitzen dugu, euskal herritarren konprimisoz balio antifaxistak, errepublikarrak eta abertzaleak oinarri hartuta. Euskara sustatuz eta kultur espresioak zainduz eta mundura zabalduz jarraitu du bizirik herri honek”.