Bakea eraikitzeko eta adiskidetzea sustatzeko konpromisoa
Argentina, Hegoafrika, Ekialdeko Timor eta Kolonbiako Egiaren Batzordeek eta Txernobyl Elkarteak, Txernobyleko Umeak, Txernobylen Lagunak eta Ukraina Gaztea elkarteak jaso dituzte aurtengo Bakearen eta Berraskidetzaren aldeko Gernika Sariak.
Argentina, Hegoafrika, Ekialdeko Timor eta Kolonbiako Egiaren Batzordeek eta Txernobyl Elkarteak, Txernobyleko Umeak, Txernobylen Lagunak eta Ukraina Gaztea elkarteak jaso dituzte aurtengo Bakearen eta Berraskidetzaren aldeko Gernika Sariak. Gizarte eskubideen alde egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagatik jaso dituzte sariok.
[BONBARDAKETAREN 86. URTEURRENEKO ARGAZKI GALERIA]
Lizeo Antzokian bonbardaketaren 86. urteurrena gogoratzeko antolatutako egitarauaren baitan eman dira gaur eguerdian sariak. Gernika “bakearen sinbolo” dela esan du Jose Maria GorroƱo udalerriko alkateak, eta sariek bakea eraikitzen eta adiskidetzea sustatzen lagundu duten pertsona fisiko zein juridikoen, erakundeen edo bestelako pertsona taldeen aintzatespena jendaurrean azaltzea dutela helburu adierazi du.
Hondamendi naturalen biktima diren haurrei laguntzea, gerraren ondorioz desplazatutako pertsonei laguntzea eta laguntza humanitarioa bidaltzea helburu du Txernobyl Elkarteak, Txernobyleko Umeak, Txernobylen Lagunak eta Ukraina Gaztea elkarteek osatzen duten plataformak, eta egindako lanagatik saria jaso du gaur.
Gaurko egunez duela 37 urte lehertu zen Txernobylgo zentrala, “historiako hondamendi nuklearrik larriena eraginez”, eta gaurko egunez duela 86 urte bonbardatu eta suntsitu zuten Gernika. “Data honek urtero batzen ditu bi urteurren triste hauek, baina, hala ere, gaur, inoiz baino hurbilago daude. Tropa nazionalen hegazkinek herri babesgabe eta errugabe bat suntsitu zuten, errusiar tropek azken urtean Ukrainan egin duten modura. Duela 86 urteko gerrak milaka euskal herritarren ihesa eragin zuen, batez ere haurrena, etaĀ gauza bera gertatzen ari da Ukrainako biztanleekin une honetan. Bonbardaketak Gernika erabat suntsituta utzi zuen arren, herriak ez zuen zalantzarik izan berreraikitzeko. Orain, Ukrainan suntsipena errealitate bat da, baina baita biztanleriaren berreraikitzeko konpromisoa ere, erasoaren etenak posible egiten duenean”, adierazi dute.
[BONBARDAKETAREN 86. URTEURRENEKO ARGAZKI GALERIA]
Duela 86 urte “sufritzea, ihes egitea eta berreraikitzea” egokitu zitzaien gernikarrei, eta gaur egun, Euskal Herria harrera leku dela adierazi dute elkarteek. Hala, 2023ko Gernika Sariak Ukrainari eta bertako herritarrei lau elkartek horiek emandako babesa aitortzen du. “Ukrainatik errefuxiatuak ateratzen laguntzen dugu, laguntza humanitarioa bidaltzen dugu eta sentsibilizazio lana egiten dugu. Eskerrik asko aitortzagatik”. Hala ere, errekonozimendu hori euskal herritarrei luzatu diete, “Ukrainako errefuxiatuei atera ireki dietelako”.
Halaber, gerrak aurrera jarraitzen duela esan dute, eta ukrainarrek “laguntza behar” dutela gogoratu ere bai. “Horregatik, erakunde, gizarte eta pertsona solidario garen heinean, hartutako konpromisoari eustea eskatzen dugu, gerra amaitu bitartean”.
Egiaren Batzordeak.
Erakunde ofizialak, ez judizialak eta indarraldi mugatukoak dira Egiaren Batzordeak, giza eskubideen urraketei buruzko gertaerak, kausak eta ondorioak argitzeko eratzen direnak, eta gatazka lekuetako testigantzak batzen dituztenak. Nazioartean, 51 Egiaren Batzorde egon dira, eta horietako lauk jaso dute gaur saria. Hala, denek ala denek, aitortza eskertu eta egiaren alde lan egiteko “beharrizana” plazaratu dute.
[BONBARDAKETAREN 86. URTEURRENEKO ARGAZKI GALERIA]
Argentinako batzordearen izenean, Pablo Diazek bere testigantza eman du, eta memoria egiteko lekuak goraipatu ditu: “Gaiztoak dira tortura eta heriotzen bidez izua sortzen dutenak, eta bedeinkatuak hilda daudenak bizirik mantentzen dituzten lekuak”.
Hegoafrikako batzordearen izenean egin du berba Daniel Ninak. Desmond Tutu presidente zen batzordeko kide izan zen Nina, eta Hegoafrikako Egiaren Batzordean testigantza eman zuten 21.000 pertsonen izenean saria jaso izana eskertu du. “Iragan beldurgarria duen lekua da Hegoafrika, baina, egun, elkarregaz bizi gaitezke. Kontraesnaez betetako gizarte honetan, arraza desberdintasunak gainditu eta elkarregaz bizitzen ikasi dugu”, adierazi du.
Ekialdeko Timorreko Egiaren Batzordeko ordezkariak ere eskerrak eman ditu sariagatik: “Timorreko herritarren partez, eskerrik asko. Eskerrik asko aitortzagarik. Eskerrik asko biktimei elkarregaz batzeko aukera ematearren eta abegikorrak izatearren. Eskerrik asko Egiaren Batzorde guztiei euren lan gogorragatik, bakea eta errekonozimendua lantzeagatik. Zuen borroka identitatearen aldeko borroka da”.
[BONBARDAKETAREN 86. URTEURRENEKO ARGAZKI GALERIA]
Francisco de Ru Kolonbiako Egiaren Batzordeko presidente izandakoak Kolonbiatik alde egin behar izan zuten familiak aitortu ditu gaurko ekitaldian; izan ere, horietako batzuk Lizeo Antzokian egon dira. “60 urtez barne gatazka armatu zentzugabe batean bizi izan den herrialde baten parte gara, gerrak ukitzen duen guztia kaltatzen duela ikasi duen herriaren parte. 120.000 desagertu baino gehiago daude Kolonbian, 51.000 bahitu, 4 milioi eta 700 milia emakume desplazatu. Zuek erakutsi diguzue oroimen herria dela Gernika, eta zuengandik oroimenarekiko grina jasotzera gatoz, daukazuen indarra jasotzera”, azaldu du. Kolonbiako ordezkariak esan du “ez dela bakerik egongo” hori bultzatzen ez bada.