Naia Arrazua Uribe, Espainiako bakarkakoan garaile
Xixili klubak Espainiako oinarrizko bakarkako txapelketan emaitza bikainak lortu ditu. Eguenean Espainiako taldekakoa lehiatuko dute, Santanderren.
Xixili gimnastika erritmikoko klubak Espainiako oinarrizko bakarkako txapelketa lehiatu zuen zapatuan, Iruñean. Lau elkartekide Espaniar Estatuko atletarik onenekin parez pare lehiatzen aritu ziren, eta emaitza bikainak poltsikoratu zituzten. Naia Arrazua Uribek garaipen paregabea eskuratu zuen gazte mailan, lehia estuaren ondoren. Klubeko ordezkariek Arrazuak azken denboraldietan eduki duen “gorakada nabarmena” azpimarratu dute: “Gora eta gora egiten ari da, maila oso handian dabil”.
Uribez gain, Maialen Abaroa Badiola kadeteen artean goi mailan agertu zen: Espainiako bere estreinako txapelketan, 200 laguneko sailkapenean 80. postuan amaitu zuen bere parte hartzea. Apur bat aurrerago amaitu zuen, kategoria horretan, bere taldekide Nahia Gorostiaga Goitisolok: 50. postuan.
Lehiaketan parte hartu zuen laugarren xixilitarra Idoia Hormaetxea Saez de Okar izan zen. Klubetik azaldu dutenaren arabera, Hormaetxea lesio bat atzean utzi berritan joan zen txapelketara, “sentsazio bila”, eta parte hartze txukuna eduki zuen gazte mailan.
Xixili klubaren hurrengo lehiaketa eguenean [apirilak 27] izango da, Santanderren (Kantabria). Espainiako taldekako txapelketa lehiatuko dute bertan. “Estatuko klubik puntakoenak” bertan egongo direla argitu dute taldekoek, eta batez besteko maila “benetan handia” izango dela ere bai. “Geure atletak sasoiko iritsiko dira, motibaturik, eta lehiaketa polita egin genezakeela uste dugu”, adierazi dute.