Gorroño: "Bonbardaketari buruz egia jasotzen duen Espainiako Gobernuaren komunikazio ofiziala falta da"
Jose Labauria 1937ko apirilaren 26an alkate zena omendu du gaur udalak, eta Gorroñok Espainiako Gobernuari eskatu dio "beste pauso" bat emateko eta "egia jasotzen duen komunikazio ofiziala" egiteko.
Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren harira, Jose de Labauria 1937ko apirilaren 26an alkate zena omendu du gaur Gernika-Lumoko Udalak, bere bustoaren aurrean. Ekitaldian Jose Mari Gorroño udalerriko alkateak Espainiako Gobernuari eskatu dio aurten “beste pauso” bat emateko eta “egia jasotzen duen komunikazio ofiziala” egiteko; iaz, bonbardaketaren 85. urteurrenean Gernikako bonbardaketa gaitzetsi zuen Espainiako Gobernuak. “Urrats bat falta da. Gernikako bonbardaketari buruz egia jasotzen duen Espainiako gobernuaren edo parlamentuaren komunikazio ofiziala falta da, Gernika suntsitu zutela jasotzen duen egiazko komunikazioa, agindu hori eman zuena nor izan zen jasotzen duena”, adierazi du alkateak gaur.
Iaz lehenengoz “gaitzetsi” zuen Espainiako Gobernuak Gernikako bonbardaketa, Felix Bolaños Espainiako presidentetza ministroak izenpetutako adierazpen baten bidez; hala ere, ez zuen barkamenik eskatu, eta “beste urrats” hori emateko eskatu dio alkateak gaur. Bihar, gainera, Bolaños bera eta Fernando Martinez estatu idazkaria Gernikan izango dira, Gernikako bonbardaketaren 86. urteurreneko ekintzetan.
Gorroñok adierazi du, “behin baino gehiagotan” eskatu diotela Espainiako Gobernuari Gernikan gertatutakoa aitortzeko: “Pandemia aurretik, martxoaren 8an, gutun bat bidali nion Pedro Sanchezi, eta bertan esaten nion 1975era arte ez zela onartu Gernika bonbardatu izana. 1997an, baina, Roman Herzogek Gernikako herriari adierazi zion Alemaniako Kondor legioak bonbardaketan parte hartu zuela, eta Espainiako presidenteari eskatu nion egia aitortzea, gurasoek eta aitite amonek errekonozimendu hori behar zutelako”.
Espainiako Gobernuari eskaera egiteaz gain, omenaldian Labauriaren zeregina gogoratu eta aitortu du udalak, bonbardaketaren ostean, udalerrian gertatutakoa irrati bidez transmititu zuelako. “Steerren modura, uko egin zion euskaldunek bere herria erre zutela esaten zuen bertsio ofizialari”, adierazi du.
Bonbardaketa aurretik, gainera, “lan handia” egin zuela adierazi dute, Castor Uriarte arkitektoagaz eta bere taldeagaz batera herritarren segurtasuna bermatu zuelako: “Herritarrei segurtasuna ematea zen bere helburua, eta horregatik eraiki zituen horrenbeste babesleku”. Izan ere, bonbardaketaren emaitzak ezagutzen dira: %85,33 suntsituta eta erreta gertau ziren, eta hildakoak “1.600 pertsona baino gehiago” izan ziren. “Egoera dramatikoa bizitzea tokatu zitzaion, bere herriaren suntsipena eta erraustea ikustea, ehunka hildako, babegabe eta errugabeekin. Esan nahi diot guk ez dugula ahazten haien sufrimendua eta bizitzea egokitu zitzaien bidegabekeria. Ahalaginak egingo ditugu belaunaldi berriek egia ezagutu dezaten”, gehitu du alkateak.