Bizkaiko emakume "bizkor eta eraginkorrei" buruzko hitzaldi zikloa eskainiko du Euskal Herria Museoak
Apirilaren 27an hasi eta maiatzaren 18ra bitartean, eguenero izango dira hitzaldiak 18:00etan. Hitzaldiak ekainaren 4ra arte museoan ikusgai dagoen 'Abangoardiako 10 emakume Bizkaian' aldi baterako erakusketaren osagarriak dira.
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak Emakume bizkor eta eraginkorrak Bizkaiak (1800-1936) hitzaldi zikloa eskainiko du apirilaren 27an hasi eta maiatzaren 18ra bitartean, eguenero, 18:00etan. Hori dela eta, EHUko lau doktoreren eskutik, Bizkaiko garapen politiko, laboral, feminista eta kulturalean emakumeek egindako “lan garrantzitsu eta beharrezkoa” ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Sarrera librea da, edukiera bete arte.
Hitzaldiak ekainaren 4ra arte museoan ikusgai dagoen Abangoardiako 10 emakume Bizkaian aldi baterako erakusketaren osagarriak dira.
“Ez dago ulertzerik eragin emankorra izan duten emakumeen ibilbideak ezagutu ezean. Tamalez, emakumeotako asko itzal artean geratu dira, ezkuntatuta”, adierazi dute museoko arduradunek. Hala, Bilboko Udalak eta EHUk sortutako Bilbaopedia proiektuaren baitan sortutako erakusketa horren bidez, emakume horietako batzuen irudia plazaratu zuten. “Gainditu behar izan zituzten oztopoak adieraziz, euren gaitasunak azalerazteko erakusketa da, bai lan arloan, bai intelektualean”, diote.
Hitzaldi zikloa, beraz, erakusketaren osagarri modura antolatu dute, eta EHUko Biography&Parliament ikerketa taldearen laguntza jaso dute zikloa prestatzeko. Hala, EHUko lau doktoredun ikerlari eta irakasle ospetsuk parte hartuko dute, eta lau saiotan zehar, bakoitzak Euskal Herriko historiaren hainbat alderdi eta unetan emakumearen irudiari buruz egindako bere ikerketa aurkeztuko du.
Hitzaldiak
Apirilak 27.
18:00. Maria Jose Villa Doktoreduna EHU. (Gazteleraz)
Feminismoa eta bakezaletasuna: Benitas Asas Manterola eta bakearen aurkikuntza Europan (1914-1931). Mendearen hasierako belizismo geldiezinaren testuinguruan, mugimendu feministaren barruan nazioarteko mugimendu bakezalea antolatzeko lehen ekintzak sortu ziren. Espainian, Benita Asas Manterola feminista eta sufragistak erantzun zion mobilizazio bakezalerako dei horri, eta Europako mugimendu bakezalea ezagutarazi eta babestu zuen bere idazki eta ekintzen bidez.
Maiatzak 4.
18:00.Sara Hidalgo Doktoreduna EHU. (Gazteleraz).
Emakumeak eta langile-mugimendua Euskadin (1890-1936): Hitzaldi honetan, Euskadiko XX. mendearen lehen erdian langile alderdien barruan bi emakumek (PSOEko Virginia Gonzalez eta PCEko Dolores Ibarruri) egindako ekarpen politikoen errepasoa egingo da. Honen bidez, emakumearekin zerikusia duten gaiek langile-mugimenduaren barruan sartuak izateko zailtasunak ere aztertuko dira.
Maiatzak 11.
18:00. Susana Serrano Doktoreduna EHU. (Gazteleraz).
Emakumeak eta hauen parte hartzea euskal erakunde publikoetan (1900-1936): Primo de Riveraren diktaduran eta II. Errepublikan, emakumeen presentzia esanguratsuagoa izan zen euskal udal gobernuetan, botere zentralarekin lotutako karguetan baino. Hitzaldian zehar haren sarbidea, banaketa geografikoa, profil sozial eta politikoa, iraunkortasuna eta garatu zituzten jarduerak ezagutaraziko dira.
Maiatzak 18.
18:00. Bakarne Altonaga Doktoreduna EHU. (Euskaraz).
Emakumeak eta dantzak Euskal Herrian (1756-1921): Hitzaldi honek XVIII. mende erdialdetik, Manuel Larramendik emakume dantzariak goraipatu zituenetik, XX. mende hasiera arte dantzari buruzko diskurtsoetan emakumeei buruz sortu ziren irudikapenetatik bidaia bat egitea proposatzen du.