Berritasunez gainezka dator Gernika-Lumoko Mendijaia
Domekan egingo dute Gernika-Lumoko Mendijaia, Urdaibai Kopako hirugarren proba. Martxa luzea eta laburra, lasterketa luzea eta laburra, eta BTT martxa dauzka egitarauak.
Datorren domekan, Pasealekuak eta Gernika-Lumo inguruko mendi eta basoek Gernika-Lumoko Mendijaia hartuko dute. Arrolape Mendi Klubak antolatuta, IX. ekitaldia izango da, eta berritasun esanguratsuak edukiko ditu.Gaur-gaurkoz, 400 lagun inguruk izena eman dute, baina, eguraldia lagun badute, “dezente gehiago izatea” aurreikusten dute antolatzaileek. Iaz, izan ere, 1.000 parte hartzaileko langara ailegatu ziren. 17 kilometroko martxa luzea eta mendi lasterketa, 8,5eko martxa laburra eta mendi lasterketa eta, azkenik, 34 kilometroko BTT martxa edukiko ditu egitarauak. Lasterketa luzea, gainera, Urdaibai Kopako hirugarren proba puntuagarria izango da, Ibarruri eta Ereñokoaren ostean.
Iaz umeei zuzendutako xerpa zerbitzua proposatu ondoren, aurtengo egitarauak berritasun nagusi bat edukiko du: lasterketa laburra. Edozein adinetako jendeak parte har dezakeen arren, “bereziki gazteei” (2005-2008 urte bitartekoei) zuzenduta dagoela azaldu dute arrolapetarrek; hain zuzen ere, Gazteen Bizkaiko Trail Ligarako lasterketa puntuagarria izango da. Martxa luzekoak izango dira irteera hartzen lehenak, 09:00etan; BTT martxakoek 09:30ean ekingo diote bideari; lasterketa luzeko korrikalariak 10:30ean hasiko dira, eta ibilbide laburrekoak, berriz, 11:00etan. Azken irteera, martxa laburra, 11:10ean egingo dute.
Parte hartzaile ez bakoitzak bere poto, edalontzi edo botila eroan beharko du
Ibilbideei dagokienez, “urterokoak” direla azaldu dute Arrolapekoek. Bai martxa luzeak, bai Urdaibai Kopako lasterketak Bastegieta, Baldatika, Elorrieta edo Lumo zeharkatuko dituzte, Maiaga, Ganaga edo Kosnoaga gainekin. “300 metro inguru aldatuko dira; gainontzekoa, iazko bera da”, argitu dute. BTT ibilbidekoek Oka ibaiaren beste hegalerantz joko dute, eta Arrola izango da ibilbideko puntu gorena. Hala martxa laburrekoak, nola lasterketa laburrekoak Aixerrota mendi inguruan ariko dira. Ibilbide luzeek anoa postu bi edukiko dituzte; laburrek, aldiz, bat. Anoa postuetan oinarritu dute, hain zuzen, aurtengo berritasunetako bat: ez da edalontzirik egongo. “Iaztik jasangarritasunaren aldeko apustua eginez gabiltza; iaz, edalontziak banatu genituen. Aurten, aldiz, anoa postuetatik plastikoa kenduko dugu. Gainera, etorkizunean neurri eta proiektu berri gehiago etorriko dira”, adierazi dute.
8,5 kilometroko lasterketa laburra da aurtengo egitarauko nobedade nagusia
Opariak, abian ipini orduko. Internetez aurretiaz izena emandakoek kamiseta jasoko dute opari; egunean egingo dutenek, kaltzerdiak. Hori bai, aurten opariak hasi baino lehen banatuko dituztela aurreratu dute, orain arte probak amaitu bezain pronto egin izan baitute. Opariez gain, zozketak ere egongo dira. Ildo horretan, antolakuntzan laguntzen duten Gernikako Piratak taldekoak dituzte ahotan Arrolapekoek: “Behar ikusgarria egiten dute herriko eta inguruko komertzioekin”. Hori dela eta, “asko eta asko” dira laguntzaile gisa ageri diren eskualdeko komertzioak. Batzuek produktuak zozkatuko dituzte; beste zenbaitek, aldiz, beren zerbitzuak. Zozketako zenbaki irabazleak panel batean ipiniko dituztela aurreratu dute.
Sarien inguruan galdetuta, lasterketa luzeko lehen hiru emakumezkoak eta gizonezkoak igoko dira podiumera. Horrez gain, lehen emakumezko zein gizonezko gernika-lumotarra, lehen bi beteranoak eta lehen bi promesak ere sarituko dituzte. Lasterketa laburrean, ostera, sailkapen orokorreko gizonezko eta emakumezko garaileak eta Gazteen Bizkaiko Trail Ligako lehen hiru gizonezkoek eta emakumezkoak izango dira sarituak. Lasterketa luzeko sariak, azken urteetan legez, Ander Zabala Since-k egin ditu; laburrekoak, berriz, Barrutialdeko ikasleek.
Izen emateetako euro solidarioa #FreePabloGonzalez elkarteak jasoko du
Bestalde, arrolapetarrek adierazi dute aurten “ez dutela zalantzarik egin” izen emate bakoitzaren euro solidarioa zein elkarteri eman adosterakoan. Polonian preso den Pablo Gonzalezen defentsa jomuga duen #FreePabloGonzalez elkarteak jasoko du dirua. Gainera, kazetari elantxobetarraren bikote Oihana Goiriena nabarniztarra Pasealekuan egotea espero dute. Amaitzeko, antolatzaileek argitu dute egun osoan zehar umeentzako Ehunzango jolasak egongo direla Pasealekuan, Mendijaia “familia osoarentzako plana baita”.