Bermeoko Txosna Batzordea logo berri bila dabil
Parte hartu gura dutenek, maiatzaren 12ko (barikua) 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte proposamenak; logo berria maiatzaren 26an aurkeztu gura dute.
Txosnarako logo berri dabil Bermeoko Txosna Batzordea, eta parte hartze herrikoia zabaldu dute horretarako. Hala, parte hartu gura dutenek, maiatzaren 12ko (barikua) 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte proposamenak, bermeokotxosnabatzordea@gmail.com posta elektronikora bidalita. Logoak .png edo .jpeg formatuetan aurkeztu beharko direla azaldu dute.
Aukeratutako logoa Bermeoko Txosna Batzordearen logoa izango da, eta edozein euskarritan erabiltzeko “aproposa” izan beharko dela diote (kamisetak, edalontziak, pegatinak…). Logoak Bermio hitza eroan beharko du “ezinbestean”. Logo proposamenak izen-abizenekin sinatu daitezke, hala ere, ezizenez sinatzeko aukera ere badago.
Logo berria maiatzaren 26an aurkeztu gura dute. Jakitera eman dutenez, Arrain Azokan aukeraketa prozesua zabalik egongo da, eta herritarrek aukera edukiko dute gustukoena bozkatzeko; “sare sozialetatik aukeratu ahalko da”. Aukeraketa publikoa izango bada ere, lehenik eta behin txosnatako taldekideen artean aurre-hautaketa bat egingo dutela adierazi dute, “irizpideak bete ez dituztenak eta egokiak ikusten ez direnak baztertzeko eskubideagaz”. Aurkeztu eta aukeratu ez diren gainontzeko logoak, hurrengoko Andramari eta Santa Eufemia jaietako txosna atontzeko erabiliko dituztela aipatu dute.