Play-offetan galduta, Lointekek denboraldia amaitu du
Lointek Gernika Bizkaiak 64-52 galdu du Casademont Zaragozaren kontra, Emakumezkoen Endesa Ligako final-laurdenetako itzuliko partiduan. Markagailu horregaz, aragoitarrak igaro dira ligako play-offetako hurrengo fasera.
Akabo 2022/2023 denboraldia Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Atzo [apirilak 23], gernika-lumotarrek 64-52 galdu zuten Casademont Zaragozaren kontra Emakumezkoen Endesa Ligako final-laurdenetako itzuliko norgehiagokan, eta porrot horregaz ligako play-offetatik kanporatuta geratu dira. Malosten, joaneko partiduan, eskuratutako 6 puntuko errenta ez zen nahikoa izan aurrera egiteko aukerei eusteko; izan ere, puntu gehieneko aldeagaz irabazten duen taldeak lortzen du play-offetako hurrengo fasera igarotzeko txartela, eta aurtengo Erregina Kopako txapeldunak, zentzu horretan, ez zuen kale egin.
Lointekek ez zuen espekulaziorako tarterik gorde partidu hasieran: ez zuten markagailuagaz “jolastu” gura, eta lehen unetik garaipenaren bila kantxaratu ziren. Urduritasuna izan zen lehen txanpako protagonista nagusia, talde bietan tentsioa nabaritzen baitzen. Hain zuzen ere, lehen 3 minutuetan 2-0ko markagailua zeukaten oraindik. Gernikakoek, gogor saiatuta ere, ez zuten saskiratzerik egiterik lortzen, eta Casademontek, ostera, zituen aukera murritzak ondo aprobetxatzen zituen. 8-0ko markagailuagaz, Anna Montañana valentziarrak lehen hutsartea eskatu behar izan zuen. Bitartean, Mariona Ortiz izan zen aldeak egin zituen jokalaria; nagusi azaldu zen jokoan, hiruko jaurtiketa bi poltsikoratuz. 7. minutuan, Itziar Ariztimuño bilbotarra izan zen bisitarien lehen saskiratzea lortu zuena.
Lointeki sendotasun falta igarri zitzaion defentsa lanetan, eta eraginkortasun falta, aldiz, erasoaldietan. Julie Wojta kantxara sartzeak zertxobait geldiarazi zuen etxekoen oldarraldia, joanekoan egundoko maila erakutsitako Sandra Igerabide ere ez baitzegoen bere onenean. Distantzia luzeei zegokienbez, Laura Spreaficok ez zuen asmatu: lehen 20 minutuetan ez zuten hirukorik bidali uztaira. 34-18ko markagailuagaz joan ziren atsedenaldira. Lointeken jokoko blokeoa begibistakoa zen eta kanporaketari begira sumatzen zen ardura, ordea, itzelezkoa.
Oso gaitza izan zen Markeisha Gatling estatubatuarraren puntu ekoizpena geldiaraztea
Buelta eman guran. Aldageletatik bueltatuta, Gernika bestelako jarreragaz itzuli zen, berreskuratu beharreko aldea nabarmena zen arren. Aldeak murriztu zituzten, 11 puntura iritsi arte; hori, neurri handi batean, Igerabideren suspertzeari esker gertatu zen. Igerabideak jokoaren ardura guztia beregain hartu zuen, bai berak lehen pertsonan puntuak egiteko, bai bere taldekideei asistentzia beharra egiteko. Txanponaren ifrentzua Markeisha Gatling zen: oso gaitza zen estatubatuarraren puntu ekoizpena geldiaraztea.
Lointekek 53-44koa lortu zuen, eta Wojtak, aldiz, saskirako bidea: 17 puntu eta 8 errebote lortu zituen azkenean. Roso Buch kataluniarrak ere urrats bat aurrera egin zuen, 12 puntu lortuz. Amaierarako minutu bakarra falta zenean, Igerabideren hiruko jaurtiketa batek esperantzak piztu zituen; 9 puntura ipini ziren markagailuan, hau dau, kanporaketan aurrera egiteko 3ra. Dena dela, Zaragozak azken astindua eman zion norgehiagokari. Casademont ez da Erregina Kopako garailea kasualitatez. Gernikak bihotzagaz jokatu zuten, batez ere, partiduaren bigarren erdian. Nolanahi ere, ez zen nahikoa izan, eta aurtengo denboraldia porrotez agurtu behar izan zuten.
Anna Montañana: “Zortzi hilabetez klub borrokalaria eta goi mailakoa garela frogatu dugu”
Partidu amaieran, Montañana entrenatzaileak markagailuan atzetik joateak sortu dizkien “zailtasunak” azpimarratu ditu: “Ez da inondik inora hasiera erraza izan, baina lortu dugu, behintzat, Zaragozari aurpegia erakustea eta lehiakor agertzea”. Denboraldian zehar “hainbat eta hainbat traba” gainditzeko gai izan direla azaldu du valentziarrak: “Jakina, gehiago lortzea ere gura genuen, baina, dena dela, lorpen handiak egin ditugu aurten, eta zortzi hilabetez klub borrokalaria eta goi mailakoa garela frogatu dugu”.
Marta Alberdi: “Berandu sartu ginen partidura, eta ezin izan genion egoerari buelta eman”
Marta Alberdi jokalari gernika-lumotarrak, aldiz, azaldu du lehen zatiko akatsak gako izan zirela azken emaitzan: “Lehen zatiko blokeoak eta puntu gabeziak esangura handia eduki zuen amaieran, berandu sartu ginen partidura, eta ezin izan genion egoerari buelta eman. Hori bai, azken laurden bietan genuen dena kantxan utzi genuen. Alde horretatik, pozarren egon behar garela uste dut. Denboraldi oso polita eta positiboa izan da Lointekentzat”.