"Oso gustura", Gernika-Lumoko inguruak ezagutzen
Lagun artean eta Gernika-Lumoko inguruak ezagutuz euskararen erabilera sustatzea helburu duen ekimenean elkartu ziren 27 lagun zapatuan.
27 lagunek parte hartu zuten zapatuan lagun artean eta Gernika-Lumoko inguruak ezagutuz euskararen erabilera sustatzea helburu duen Gernika-Lumoko Berbalagunek egindako irteeran. Euri apur bat egin arren, “jendea oso gustura” ibili zela ingurua ezagutzen diote arduradunek. Izan ere, Iratxe Uriguenen azalpen argigarriak entzunda egin zuten irteera.
Hain zuzen ere, zortzi kilometroko ibilaldia hasi aurretik, nondik nora ibiliko ziren, zer topatuko zein ikusiko zuten azaldu zien Uriguenek, baita bonbardaketaren ostean emakumeen egoera zein izan zen ere. Hala, Gernika-Lumotik atera ziren Okarantz, eta handik Ajangizarra, Burgoa eta Elexalde igaro zituzten, Mendietatik Kanpantxura joateko eta handik udalerrira bertaratzeko.
Ibilaldia egin eta gero, 1937-2023: Emakumearen gatazka erradiografia bat ibilbide gidatua egiteko aukera izan zuten.
Hurrengo irteera maiatzaren 27an izango da.