Nazioarteko Egiaren batzordeak aztergai, Kultura eta Bakearen Nazioarteko jardunaldietan
Nazioarteko Egiaren batzordeak dira jardunaldien gai nagusia, eta Ekialdeko Timor, Hego Afrika, Kolonbia eta Argentinako Egiaren batzordeen esperientziak ezagutuko dituzte.
33. Kultura eta Bakearen Nazioarteko jardunaldiak inauguratu dituzte gaur, Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan. Nazioarteko Egiaren batzordeak dira jardunaldien gai nagusia, eta Ekialdeko Timor, Hego Afrika, Kolonbia eta Argentinako Egiaren batzordeen esperientziak ezagutuko dituzte.
Aurtengo edizioa Kolonbiako Garapen eta Bake Institutuarekin eta udalagaz batera antolatu du Gernika Gogoratuzek, Gernikako bonbardaketaren 86. urteurrenean.
Justizia mekanismoak dira, eta gerrak, diktadurak eta giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten herrialdeetan egia argitzea dute helburu. Egiaren batzordeak iraganeko gertaeretan oinarritzen dira, egindako abusuen patroia ikertzen dute, gizarte zibileko elkarteekin elkarlanean aritzen dira informazioa batzen, eta biktimen testigantzak jasotzen dituzte. Gobernuek ofizialki baimenduta daude, eta aldi baterako erakundeak dira, haien lana azterlanaren txostena aurkezterakoan amaitzen delako.
“Egiaren batzordeak saritu ditugu aurten, gertaerak argitzeko egindako lan handiagatik eta, batez ere, biktimek prozesu horietan duten lekua ikertzeagatik”, azaldu du Jose Mari Gorroño udalerriko alkateak. Dioenez, egia “ezinbestekoa” da gizarte adiskidetze prozesu batean, “argigarria” da. “Egia eskubide bat da. Biktimek eskubidea dute lehen eskutik ezagutzeko zer denbora, modu eta leku egoeretan urratu diren euren eskubideak, baita egileak nortzuk izan diren eta euren filiazio militarra edo politikoa zein den ezagutzekoa ere”, gehitu du. Eta lan horretan dihardute Egiaren batzordeek. Beraz, gizarteak batzorde horiek egindako lana ezagutzeko eskubidea duela adierazi du alkateak.
Maria Oianguren Gernika Gogoratuzeko zuzendariak kontatu du azken bost hamarkadetan Egiaren batzordeei buruz egindako ikerketek bi belaunaldi bereizten dituztela: lehenengo belaunaldia eta bigarrena. “Lehenengo belaunaldikoek, auzitegi funtzio bat betetzen zuten, iraganeko gertakariak aztertzea zutela asmo. Helburuak ziren egia argitzea, biktimak aitortzea eta erregistro ofizial batean abusu ereduak berrezartzea”, azaldu du Oiangurenek. Bigarren belaunaldikoek, berriz, adiskidetzea erraztea, gertaerak ez errepikatzea eta egonkortasun politiko handiagoa lortzea dute helburu: “Iraganeko narratiba ofizial bat ezartzeaz gain, trauma sozialak gainditzea bilatzen dute, hainbat mekanismoren bidez, hala nola, audientzia publikoak edo neurri leheneratzaileak aintzat hartzea eta aplikatzea.
Eztabaidak.
Gaur egun, hiru dira Egiaren batzordeei buruzko eztabaidak Oiangurenen berbetan, eta jardunaldi hauetan horiek landuko dituztela adierazu du: epistemologiaren alorrekoa, dimentsio etikokoa eta memoriakoa.
Epistemologiaren arloan, egia argitzeari, gertatutakoa argitzeari eta modu kolektiboan jabetzeari buruz ariko dira. “Gure buruari galdetuko diogu: posiblea al da gizartean gertatu zaiguna partekatzea?”, dio zuzendariak. Etikotasunaren esparruan, aurkikuntzez eta gomendioez ariko dira, eta, ildo horretan, “berdintasunean, duintasunean eta iraupenean oinarritutako bizikidetzarantz” aurrera egiteko pausoak ematen ari diren aztertuko dute. Memoriari buruzko arloan, berriz, narratiboa historikoa izango dute jomugan. “Egiaren batzordeek, hirugarren belaunaldi baten atarian, iraganaren ulermen sozialean eragin nahi badute, egungo politikak aldatu eta etorkizuneko bizikidetza esparru berrietara eragin beharko dute. Gure buruari galdetzen diogu, ulermen historiko, politiko eta ekonomiko integral bateratz joateko gai garen”, azaldu du.
Historia.
1937ko apirilaren 26an bonbardatu zuten Gernika Alemaniako Kondor legioak eta Italiako aire indarrek, Francoren armadarekin aliatuta. “Aurretik beste bonbardaketa batzuk egin zituzten arren, hiribildukoa da lehentasunezko lekua hartu duena biztanleria zibilaren aurkako aire erasoen artean”, dio Oiangurenek. George Sterrek nazioarteko komunikabideetan egindako salaketak eta Picassoren Guernika-k Gernikako bonbardaketa ikusarazi zutela uste du Oiangurenek, eta Gernika “gerra izugarrikeriaren sinbolo unibertsal” bihurtu dutela ere bai.
50 urte beranduago, 1987an, bonbardaketaren 50. urteurreneko apirilaren 10ean, Eusko legebiltzarrak Gernikan faxismoaren biktimak omentzea erabaki zuen, baita “hiribilduaren esnahia bakearen eta demokraziaren sinbolo gisa berrestea” eta bakearen aldeko ikasketa zentro bat ezartzea ere. “Helburua zera zen: bake emantzipatzaile eta bidezko bat lortzen laguntzea, Gernikako sinboloari eta udalerriari lotutako hausnarketa zientifikotik aldentzeko”