Garoa Martinezek Munduko Txapelketarako gutxieneko marka lortu du
Unibertsitate arteko Espainiako Txapelketan goi mailan agertu da Martinez. Arrankadetan 92 kilo altxatu ditu; Denbora Bikoan, ostera, 114 kilo.
Erevanen (Armenia) lehiatutako Europako Txapelketan 8. postua poltsikoratu ondoren, Garoa Martinez Anasagasti atleta bermeotarrak beste urrats bat egin du bere kirol ibilbidean: gutxieneko marka lortu du Munduko Txapelketara sailkatzeko. Atzo [apirilak 23], Salamancan lehiatu zuten Unibertsitateen arteko Espainiako Txapelketa, eta Bermeokoak, UCAMen koloreak defendatuz, proba bitan parte hartu zuen.
Lehenik eta behin, Martinezek Arrankada kategorian lehiatu zuen, marka bikaina eskuratuz: 92 kilo altxatu zituen. Jarraian, Denbora Bikoan aritu zen, eta 114 kilo altxatu zituen. Bi pisu horiekin, irailaren 2a eta 17a bitartean Saudi Arabian lehiatuko den Munduko Txapelketan egoteko txartela eskuratu zuen Martinezek.
Martinez hunkituta agertu zen probak amaitu bezain laster. Laguntzen aritutako lantalde teknikoari “eskerrik beroenak” eman ondoren, Espainiako Txapelketan gauzak “oso polito” atera zitzaizkiola adierazi zuen.