Ehunka pertsona bildu ditu Astrako Topaketa Antifaxistak
Euskal Herriko eragile politiko eta antifaxisten ikuspuntuak jorratu, eta Kataluniak, Irlandak eta Turkiakoak ezagutu zituzten. Garikoitz Etxebarria euskal presoa gogoratu zuten.
Ehunka lagunek bat egin zuten zapatuan Gernika-Lumoko Topaketa Antifaxistekin. Astran elkartu ziren gazte zein helduak, eta horien parte hartze “txukuna” azpimarratu dute antolatzaileek: “Perspektiba politiko iraultzaile ezberdinetakoak batu ginen giro ezinhobean. Ekitaldi honen bidez, Gernikako bonbardaketaren bezperan, gure herriak betitik irudikatu duen balio borrokalari eta antifaxista berreguneratu gura izan dugu”.
Goizeko hitzaldietan, Euskal Herriko eragile politiko eta antifaxisten ikuspuntuak jorratu zituzten, “bereziki Europan garatzen ari diren fenomenoa definitzen saiatu eta perspektiba bakoitzetik borroka ikuspuntuak ezagutzeko”.
Eguerdian, Kontxi Arana Rita nazioarteko militantearen ibilbidea gogoratu zuten, eta bere konpromiso “iraultzaile eredugarria” goraipatu zuten haren lagunek.
Arratsaldean, bazkari herrikoiaren ostean, Euskal Herriak, Kataluniak, Irlandak eta Turkiak “pairatzen duten jarduera faxisten” berri eman zuten, “baita euren borroken modua” azaldu ere. “Bereziki hunkigarria izan zen lagun turkiarrek ekarritako lekukotasuna”, adierazi dute.
Topaketa antifaxistan parte hartu zutenek, Garikoitz Etxebarria euskal presoa gogoratu zuten, gaur gaurkoz gose greban baitago, eta harekiko atxikimendua erakutsi eta eskatu zuten.