Bakearen eta askatasunaren balioen defentsan borrokatu ziren euskal gudariak omendu dituzte
36ko gerran demokrazia eta askatasuna defendatu zuten euskal gudariak omendu ditu gaur Gernika-Lumoko Udalak. Kruzita Etxabe eta Mari Carmen Agirre bonbardaketaren lekukoek jarri dituzte loreak gudarien eskulturan.
Gernikako bonbardaketaren 86. urteurrenaren harira, 36ko gerran demokrazia eta askatasuna defendatu zuten euskal gudariak omendu ditu gaur Gernika-Lumoko Udalak, Pasealekuan euskal gudarien omenez dagoen eskulturaren aurrean. Oroimenerako eta memoriarako omenaldia izan da, bizikidetzaren, bakearen eta askatasunaren balioen defentsan borrokatu zuten pertsonak gogoratu eta omentzekoa. Kruzita Etxabe eta Mari Carmen Agirre bonbardaketaren lekukoek loreak jarri dituzte gudarien eskulturan.
Gernika-Lumoren ondasunik “handiena” memoria historikoa dela adierazi du Jose Mari Gorroño udalerriko alkateak omenaldi ekitaldian, “ahaztuz gero ez direla gauzak konpontzen” esanez. Gainera, gogoratu du 1937ko apirilaren 26 hartan “jende asko” zegoela Gernika-Lumon, astelehena zelako eta azoka zegoelako: “Alboko herrietako herritarrak zeuden, eta Bilbotik jendez beteta etorri ziren zazpi tren. Horiez gain, gipuzkoarren presentzia ere nabaria zen udalerrian”.
Jendetza horren artean, euskal gudariak zeuden, tartean, Loiola, Itxarkundia, Ibaizabal edo Saseta batailoietakoak, Agustinoetan eta Mertzeden kuartelak zituztenak. Hala, udalerrian egon ziren hiru gudariren lekukoak irakurri ditu Gorroñok omenaldian, horien testigantzen garrantzia azpimarratuz.
Juan Sistiagak esan zuenez, “herritarrak laguntzen” igaro zituen bonbardaketaren hurrengo orduak, eta bere berbak irakurri ditu alkateak: “Jende asko zegoen eraikinen azpian harrapatuta, eta suak gu harrapatu aurretik atera behar genituen. Gauez, eremu bat zaintzen egon nintzen, jendea sutan zeuden euren etxebizitzetara sartzen ez uzteko, horiek erortzeko arriskua zutelako. Gaueko orduak oso lanpetuta eman nituen, jendeari bere senideak aurkitzen laguntzen aritu nintzen. Izan ere, bonbardaketaren ondoren, hori izan zen gogorrena eurentzat, senideak bizirik edo hilda zeuden ez jakitea”.
Agustin Barandiaranek esandakoaren pasartean, babeslekuetan babestutakoen egoera kontatu du alkateak. “Bonbardaketaren hurrengo egunean, jendea giltzapetuta zegoen babeslekuetara joan nintzen, batzuk oraindik bizirik zeudela esaten zelako. Babeslekua ikustean, ez nuen ulertzen zelan egon zitekeen bizirik inor leku hartan. Tonaka materialez estalita zeuden babeslekuak. Beste bi egunez geratu nintzen udalerrian, eta ordura arte ez zutela inor handik atera badakit”, esan zuen Barandiaranek.
Joseba Elosegi Saseta bataloiko kapitaina zen, eta leherketak amaitutakoan metrailadoreen hotsa entzuten zela adierazi zuen hark: “Mendietara ihes egiten zuen jendeari tiro egiten ari ziren. Nik leku batetik bestera jarraitu nuen, laguntzen saiatuz, eta berrehala egin nuen topo gerraren hasieratik nirekin egon zen mutil gaztearekin. Kuartelera bidali nuen, laguntza ekartzeko aginduagaz, baina ez nuen mutil hura inoiz gehiago ikusi. Bonbak erortzen ziren bitartean, ama bati lagundu nion bere semea aurkitzen, apurtutako eraikin batean. Hiru urteko umea aurkitu nuen, hilik zegoen, eta amari eman nion”.
Hiru testigantzak irakurrita, Gernikak “ez duela ahazten” adierazi du alkateak, herriko memoria historikoa “bizirik” dagoela esanda.