Agur Ohorezko Mailari
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 14-17 galdu du CP Les Abellesen kontra. Basurdeek, beraz, maila bat behera egingo dute datorren denboraldian. Ligako azken partidua zapatuan [apirilak 29] jokatuko dute, Ampo Ordizia REren kontra.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 14-17ko porrota jasan zuen atzo [apirilak 23], Urbietan, CP Les Abelles talde valentziarraren kontra. Ligako azken-aurreko partidua izan zen atzokoa, eta azkenengoa etxean; porrot horregaz, basurdeek agur esan beharko diote Ohorezko Mailari. Izan ere, sailkapenean aurretik dituzten taldeekiko aldeak handiegiak dira mailari eusteko; horrenbestez, datorren denboraldian maila bat beherago jokatuko dute gernika-lumotarrek.
Partiduko lehendabiziko ordu laurdena giltzarri izan zen, eta etxekoen porrota denbora tarte horretan ernaldu zen gehienbat. Lehen 15 minutuetan, hain zuzen ere, 17 puntu egin zituen Les Abellesek. Errenta horri eusteko saiakera baino ez zuten egin jarraian, defentsa beharretara mugatuz. Gernika RTk, bere aldetik, ez zuen bururik makurtu, eta partiduan sartuta mantentzeko gogor egin zuten lan jokalariek. Baloiaren jabetza eduki zuten eta ia uneoro aurkariaren zelaigunean jokatzen aritu ziren.
Eduardo Maidagan entrenatzaileak azaldu du “aurreikusten zutela” Les Abelles oldarkor zelairatzea, baina, era berean, “kontzentrazioa falta izan zitzaiela” adierazi du: “Partidu askotan edukitzen dugu gainbehera mentaleko uneren bat; hori bai, atzokoan eragin handia eduki zuen geure kontra, Les Abellesek momentu hura aprobetxatu baitzuen, markagailuan modu argian ihes egiteko”.
Eduardo Maidagan: “Jokalariek gogor lan egin dute, baina azkenean ez da nahikoa izan”
Jokaldiz jokaldi, jokoan erakutsitako aginteak eta kemenak fruitua eman zuen etxeko taldearen alde, eta markagailuan 3 puntuko aldera hurreratzera iritsi ziren. Dena dela, ez zuten denborarik eduki berdinketa lortzeko, eta markagailu horregaz gailendu zen Urbietan talde bisitaria. Emaitza kontra eduki arren, Maidaganek “positibotzat” jo du taldeak erakutsitako jarrera: “Jokalariek gogor lan egin dute, apurka-apurka puntuak eginez, baina azkenean ez da nahikoa izan“.
“Partidu bakoitza hil ala bizikoa bihurtzen da Ohorezko Mailan; txapelketak egundoko jarraikortasuna eskatzen du”
Joko ona, emaitzarik ez. Aurten “sarritan” pasatu zaio Gernika RTri joko ona egitea baina garaipenaren jokotik kanpo egotea: “Denboraldian zehar egon dira zitak non partidu bikainak egin ditugun, baina ez garen gai izan puntuak lortzeko. Horrek asko baldintzatu du aurtengo liga”. Bestalde, Ohorezko Mailako talde “guzti-guztien” mailaz mintzo da entrenatzailea: “Maila horretan, ez dago aurkari ahulik. Partidu bakoitza hil ala bizikoa bihurtzen da; txapelketak egundoko jarraikortasuna eskatzen du”. Aurtengo denboraldian “uneoro aurpegia erakutsiz” aritu direla uste du Maidaganek, baina azken metroetan “fidagarritasun falta” eduki dutela.
Ohorezko Mailako azken partidua zapatuan jokatuko dute, euskal derbia, Ampo Ordizia Reren kontra
Ligako azken partidua Ordiziako Altamina zelaian jokatuko du Gernika RTk. Ampo Ordizia REren kontra jokatuko dute euskal derbia datorren zapatuan [apirilak 29], 16:00etan. Azken partidu horretan “presio barik” ariko direla adierazi du Maidaganek, eta goreneko maila “garaipen eder bategaz agurtzea” bilatuko dutela.