Loreak, kantuak eta hunkidura, Kontxi Arana 'Rita'-ren omenez
Kontxi Arana 'Rita' omendu dute Gernikako Topaketa Antifaxisten egitarauaren barruan.
Gernikako Topaketa Antifaxisten egitarauaren barruan, Kontxi Arana Rita omendu dute gaur, 13:30ean, Astra kultur faktoriako kanpoaldean. Jende ugari elkartu da, “independentziaren eta sozialismoaren alde gogor borroka egindakoa” omentzeko, hainbat zatitan banaturiko ekitaldian.
Adar soinuagaz hasi dute elkarretaratzea; jarraian, Aranaren biografia laburra irakurri dute, eta hunkidurak bere gorena jo du, Aranaren adiskide min izandako zenbaitek berba hartu dutenean. Ondoren, gogoan eduki dituzte 36ko gerran Nazioarteko Brigadetan gudari aritutakoak, eta euren omenez abestu dute Pete Seegerren Viva la XV. Brigada ereserki entzutetsua. Ohorezko aurreskua egin ostean, lore eskaintza egin dute.
Eguerdian nahiz arratsaldean aurrera egingo dute Gernikako Topaketa Antifaxistek. Talde bazkariaren ondoren, 16:30ean, Faxismoaren egoera Europan berbaldia egingo dute; Askapena, Anti Imperialist Front, Plataforma Antirrepresiva de Barcelona eta Dublin Republicans Against Fascism elkarteetako ordezkariak izango dira solasean ariko direnak.
21:00etan, edukiera bete arteko 5 euroko sarreragaz, kontzertuen txanda izango da: Vomitando Desperdizios, Habemus Papam eta Txandal Vandalss taularatuko dira. Bendiak/Dstant gau elektronikoak zarratuko du egitaraua.