Gatazka jasandako emakumeen memoria kalean eta bizirik dagoelako
Merkurion hasita, Domingo Alegria plazatik igarota eta Foruen plazan amaituta, 'Emakumearen gatazka erradiografia bat' izeneko memoria ibilbidea egin dute, Sare Gernika-Lumok antolatuta.
Sare Gernika-Lumok antolaturik, gerrak emakumeengan izandako egoeren azterketa jarduera egin du gaur goizean eta, horretarako, Emakumearen gatazka erradiografia bat izeneko ibilbidea egin dute Gernika-Lumoko kaleetan zehar. Ariketaren jomuga, azaldu dutenaren arabera, “gatazken ondorioz, emakumeek pairatu behar izan eta izaten dituzten errealitateak bistaratzea” izan da. Hainbat lagun elkartu dira Merkurion, ibilbidea egiteko, hainbat herritar elkartu dira gaur, 11:30ean.
Zirkuituko lehen puntu horretan, hain zuzen ere, Onintza Enbeita muxikarraren bertsoagaz ipini dute abian egitasmoa. Lehendabiziko zatian, gogoan eduki dituzte 1937. urtean Habana itsasontzian ebakuatuak izandako Gotzone eta Ixiar Enbeita Barrena ahizpa gernika-lumotarrak, eta euren zenbait testigantza irakurri dituzte.
Bigarren geldialdia Domigo Alegria plazan egin dute. Bertan, hitza hartu duten kideek zenbait puntu eduki dituzte ahotan. Batetik, egitasmoaren azala Andrea Aiaperen Gernikar emakumeak XX. mendean: ahotsak eta bizipenak liburutik hartu dutela argitu dute, harrezkero zalantza hori zeukaten pertsonak baitzeuden; karteleko argazkia marrazki bihurtu duena, ostera, Maitane Azurmendi artista izan da. Argazki oinari ere keinu egin diote, “dena esaten baitu”: Emakumeak sasi artean ezkutatzen. Bestetik, deialdia egin diete bertaratu diren guztiei proiektuagaz kolaboratzeko; memoriagaz loturik, emakumezkoen errealitatea bistaratu ahal izateko baliagarria izan daitekeen dokumenturen bat dutenei, “hartu-emonean ipintzeko gonbita” luzatu diete.
Gatazkak jasandako emakumeen aldeko plaka bat ipini dute ekimenaren amaieran, baina hori “modu ofizialean egin beharko litzatekeela” adierazi dute
Horrez gain, plaza horretako emakumearen oroigarriaz mintzatu dira. Gernika-Lumon emakumeen “ahotsa, egitekoa eta presentzia” aldarrikatzen dituzten kale, “oso gutxi” daudela azpimarratu dute, eta kausa horren alde “ekarpentxo bat” egiteko hautua egin ere bai: “Plaka bat ipiniko dugu ekitaldiaren amaieran, baina, hori modu ofizialean egin beharko litzatekeela pentsatzen dugu”.
Kartzelan dauden emakumeek jasan behar izaten duten “estigmatizazio bikoitzaz” ere mintzatu dira
Estigmatizazioaren ertz biak. Gogoeta horren ondoren, ibilbideko azken geldialdirantz jo du tropelak: Foruen plazarantz. Bertan, emakume presoen estigmatizazio bikoitza argitu dute. “Lege hauste jakin bat egiteaz gain, emakume forma estereotipo orokorragaz apurtzen dute, eta hori onartezina da sistemarentzat”, azaldu dute. Kartzela “emakumezkoen beharrizan propioak aintzat hartzen ez dituen instituzioa” dela adierazi dute jarraian. Kalean daudenei dagokienez, patriarkatuaren eragina “behin eta berriz” jasaten dutela salatu dute, baita kartzelan dagoenaren “zaintzaren ardura denak” emakumeei egozten zaizkiela ere.
Egitasmoaren amaieran, lehenago aurreratu legez, gatazkak sufritzen dituzten emakumeei plaka bat ipini diete, eta txalo zaparradagaz eman dute amaitutzat memoria, sentsibilizazio eta zaintza ardatz eduki dituen jarduera kolektiboa.