Bigarren laurdenaren hasieragaz, intentsitateak gora egin zuen, batik bat, Itziar Ariztimuño bilbotarraren agerpenagaz. 21-19 aurreratu zuen etxeko taldea. Txanponaren ifrentzua, aldiz, Brooque Williams estatubatuarrak bizi izan zuen, orkatilan min hartu baitzuen. Casademontek kontaktuetan indar handiz jokatu zuen, eta horri eusteko eginbeharra Julie Wojtak hartu zuen beregain. Partiduak kalitatea, gogortasuna, lehiakortasuna eta denetariko proposamen taktikoak eduki zituen; talde bien tanto emariak, baina, zertxobait behera egin zuen bigarren laurdenean. Ozta-ozta baldin bazen ere, etxekoak aurrea hartuta joan ziren atsedenaldira: 32-30.
Blokeo egoera. Atsedenaldiaren ondorengo lehen minutuetan, partidua zelnbaiteko blokeo egoeran murgildu zen. Talde biek defentsa lerro zurrunak eraiki zituzten, eta horrek eragina eduki zuen erasoaldietan. Nolanahi ere, Igerabidek egundoko maila erakutsi zuen, eta gako izan zen saskiratzeen kadentziak behera ez egiteko borrokan. 52-48koagaz, Gernikak markagailuan aurretik abiatu zuen laugarren eta azken laurdena.
6 puntuko aldeak itzuliko partidua inoizkorik estuena izango dela iragartzen duen arren, Lointekek irudi aparta erakutsi zuen etxeko ikusleen aurrean
Play-offek sortu ohi duten tentsioaren erakusle, talde bietako batek ere ez zuen etsi, txirrinak azkenengoz jo artean. Da Silva giltzarri izan zen, Lointeken aukerei eusterakoan. Amaierarako 7 minuturen faltan, 55-55eko berdinketa erakusten zuen markagailuak. Dena erabakitzeko zegoen. Une hartan, Wojtak eta Ariztimuñok pauso bat aurrera egin, eta 66-58raino eroan zuten partidua. Azken 40 segundoetan, Casademonten jokalarien azaroak begibistakoak ziren, eta Wojtak ez zuen abagunea alferrik galdu, partidua erabakiz. Azkenean, Lointekek 75-69 irabazi zuen play-offetako joanekoa. 6 puntuko aldeak itzuliko norgehiagoka inoizkorik estuena izango dela iragartzen duen arren, etxeko taldeak irudi aparta erakutsi zuen bere zaleen aurrean. Etzi, Zaragozan erabakiko da finalerdietako lehia.